Koolhaas, Rem
Holandar arkitektoa (Rotterdam, 1944). Ikasketak hasi baino lehen, kazetari izan zen Haagse Post egunkarian, eta zinemarako istorioak egin zituen. Ikasketak Ingalaterran egin zituen, Londresko Architectural Association-en. Ikasle garaian egin zituen proiektuetatik bi proiektu teoriko aipagarri ditu: Berlingo harresia arkitektura gisa (1970) eta Arkitekturaren borondatezko presoen exodoa (1972). Azkeneko urte horretan, Estatu Batuetan zehar bidaiatzeko diru laguntza jaso zuen. New Yorkeko hiriaren handitasunak eta kaosak zirrara handia egin zion, eta metropoliko kulturak arkitekturan duen eraginari buruzko azterketa egin zuen, ospe handiko liburu batean argitaratu zuena: New York zoroa, atzera begirako manifestu bat Manhattanentzat (1978). Liburuan azaltzen du hirien loria ohiz kanpoko gauzetan datzala, gehiegitasunean, muturretan, berak pilaketaren kultura deitzen duen horretan. Bere bidaiaren ondoren, Europara itzuli eta teoriatik praktikara igarotzea erabaki zuen. 1975ean, Londresen, Office for Metropolitan Architecture bulegoa sortu zuen, Elia eta Zoe Zenghelis eta Madelon Vriesendorpekin batera, arkitekturaren eta egungo kultura egoeraren artean sortu diren harreman berriak –hala teorikoak nola praktikoak– zehazteko asmoz. Holandan enkargu asko egiten zizkiotenez –Hagako Legebiltzarraren zabaltze lana, esate baterako–, Rotterdamen bulegoa irekitzea erabaki zuen (1978). Aldi berean, Office for Metropolitan Architectureren atal independente bat sortu zuen –Grosztadt Fundazioa–, bulegoaren jarduera kulturalak zuzendu eta kontrolatu ahal izateko: erakusketak, argitalpenak… Lan nagusiak: Nexus World apartamentuak (Fukuoka, 1991); Villa dall'Ava (Saint-Cloud, 1985-1991); Kunsthal (Rotterdam, 1987-1992); Jussieuko Unibertsitateko liburutegia (Paris); Euralille proiektuaren zuzendaritza, eta proiektuaren barruan, Grand Palais (Lille, 1990-1994).