kontziliarismo
iz. Erl. Erromako eliza katolikoan, kontzilioak Aita Santuaren gaineko aginpidea duela edo Aita Santuaren aginpidea murritz dezakeela dioen dotrina. Kontziliarismoa XII. eta XIII. mendeetan izandako eztabaida baten ondorioz sortu zen; garai hartan Aita Santuaren aginpidea legeen bidez mugatu beharra zegoela zioten kanonistek. Historian zehar kontziliarismoa indarrean ezartzeko ahalegin asko egin dira, Erdi Aroan bereziki. Kontziliarismoaren alde azaldu diren teologo nagusiak Marsilio Paduakoa (XIV. mendea) eta Gilermo Ockham-goa dira. Marsilioren arabera aitasantutza ez zen jainkozko kargua, eta Gilermo Ockham-goaren ustez, eliza osoa da jainkozkoa edo fedeari buruzko hutsegitetatik libre dena, eta ez Aita Santua edo kontzilioa. Kontziliarismoak dotrina askotan eragina izan du, galikanismoan besteak beste.