Koopmans, Tjaling Charles
Estatubatuar ekonomista, sortzez holandarra (Graveland, Herbehereak, 1940 - New Haven, Connecticut, 1985). 1975ean Ekonomiako Nobel saria jaso zuen, Leonid Kantorovitx errusiarrarekin batera, ekonomia baliabideak banatzeko eta erabiltzeko moduaz egindako lanarengatik. Koopmansek metodo bat azaldu zuen baliabideak ahalik eta kosturik txikiena sortuz erabiltzeko. Hori egiteko, materialak lortzeko eta garraiatzeko kostuaren eta produktuaren azken prezioaren arteko kostua lotzen zituen ekuazioak asmatu zituen. Koopamnsek matematika eta fisika ikasketak egin zituen Utrecht-ko eta Leiden-eko unibertsitateetan. 1940an Estatu Batuetan jarri zen bizitzen, eta British Merchant Shipping Mission-entzat lan egin zuen. Eskolak eman zituen Chicagoko Unibertsitatean (1944), eta bi urte geroago Estatu Batuetako herritartasuna lortu zuen. 1955ean ekonomia eskolak ematen hasi zen Yale Unibertsitatean. Bi urte geroago Three Essays on the State of Economic Science (Ekonomia zientziaren egoerari buruzko hiru saiakera) liburua argitaratu zuen. 1961etik 1967ra ekonomia gaien ikerkuntzarako Cowles Fundazioko zuzendari izan zen, Yalen.