Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

komantxe

iz. Ipar Ameriketako indiar herri bateko kidea. Komantxeak Wyoming aldeko shoshon familiakoak ziren eta XVIII. mendetik aurrera zabaldu ziren Ipar Ameriketako Ordoki Handietara; bizimodu erdi-nomada egiten zuten han, ehiztari gisa; batez ere bufaloak harrapatzen zituzten. Migrazio horretan beste herri batzuk bultzatu zituzten hegoalderantz, apatxeak nagusiki. 10.000 komatxe inguru ziren XIX. mendearen hasieran, eta luzaroan erabili zen haien hizkuntza shoshon indiarren arteko lingua franca gisa. XVIII. mendean jarri ziren harremanetan konkistatzaile espainiarrekin; zaldia erabiltzen hasi zen lehenengoetako herri indiarra izan zen. XIX. mende erdialdean, penateka izeneko hegoaldeko komantxeak Indiarren Lurraldean (Indian Territory, egungo Oklahoma) bizi ziren. Iparraldean, ordea, borrokari ekin zioten komantxeek, kolono zuriak lapurtzen ari zitzaizkien lurrei eustearren. 1864an, Christofer “Kit” Carson-ek gidaturiko gudaroste zuriak menderatu zituen komantxeak eta hitzarmen bat izenpetu behar izan zuten Estatu Batuetako gobernuarekin (1865). Oklahomako mendebaleko erreserba batean geratzera behartu zituzten komantxeak hitzarmen horren ondoren. 1867an, ordea, kiowa eta apatxeekin batera, berriro altxatu ziren komantxeak zurien aurka; benetako sarraskiak egin zituzten zuriek komantxeen artean ondoko urteetan.