Kleist, Heinrich von
Alemaniar olerkari eta antzerkigilea (Frankfurt an der Oder, 1777 - Wannsee, 1811). Militar ikasketak egin zituen, eta matematikakoak. Baina Kant-en idazkiak irakurririk, ezagutzaren ahalmenean fede guztia galdu zuen, eta emozioa hartu zuen bizitzaren oinarrizko baliotzat. Suitzara joan, eta Die Familie Schroffenstein (1803) tragedia idatzi zuen; errukirik batere gabe agertzen ditu bertan egoera patologikoak. Robert Guiskard obran Sofoklesen tragedia eta Shakespeareren drama bateratu nahi izan zituen, baina eskuizkribua erre zuen; gero zati bat berriro idatzi zuen. Beste lau antzerki lan idatzi zituen: Penthesilia (1808), Kätchen von Heilbronn (1810), Hermanns Schlacht (1808, Hermann-en gudua) eta Prinz Friedrich von Homburg (1810). Lan horiek ez zuten arrakastarik izan bere garaian; gaur egun ordea, Homburg-eko Federiko printzea munduko antzerki lanik onenen artean jartzen da. Zortzi kontakizun labur ere argitaratu zituen, Erzählungen-en bilduak (1810-1811). Aipamen berezia merezi dute horien artean Michael Kohlhaas, Das Erdbeben in Chili (Txileko lurrikara) eta Die Markise von O… (O-ko markesa) nobela laburrek. Beste lanetan (egunkariak) oso arrakasta gutxi izan zuen eta bere garaikideen aldetik, Goetheren aldetik batez ere, ez zuen onespen askorik izan. Gaisorik zegoen emakume batek, Henriette Vogelek, hil zezan erregutu zion; Kleistek emakumea hil eta bere buruaz beste egin zuen.