Klein, Lawrence Robert
Estatubatuar ekonomista (Omaha, Nebraska, 1920). Berkeleyko Unibertsitatean, Kalifornian, egin zituen ikasketak. Gero Oxfordeko Unibertsitatean, Britainia Handian eta Chicagokoan egon zen ikasketak sakontzen. Estatu Batuetako Garapen Estatistikoko Zentroan lan egin zuen 1949-1954 bitartean, eta Oxford Institut of Statistics erakundean 1949-1954 bitartean. Eskolak eman zituen ondoren Filadelfiako eta Pennsylvaniako unibertsitateetan eta Benjamin Franklin Unibertsitatean, Estatu Batuetako ospetsuenetako batean, eta hitzaldiak ematera deitu zuten Osakakora, Coloradokora, New Yorkekora eta Jerusalmengo Hebrearrera. 1970-1974 bitartean Vienako Ekonomia Institutuan lan egin zuen, Austrian. Ekonomia aholkulari gisa, Kanadako gobernuarentzat (1947) lan egin zuen, Merkataritza eta Garapenerako Nazio Batuen Batzarrarentzat, eta McMillan enpresarentzat. 1976an Estatu Batuetako lehendakari Jimmy Carterren aholkulari izan zen. 1980ko urrian Ekonomiako Nobel saria jaso zuen, ekonometrian egindako lanarengatik. Kleinek idatziak dira, besteak beste, The Keynesian Revolution (1947, Iraultza Keynestarra), Textbooks of Econometrics (1953, Ekonometriako testuak) eta The Economics of Suply and Demand (1983, Eskaintza eta eskariaren ekonomia).