Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kindi, al

Arabiar filosofoa (Kufa, 786 - Bagdad, 873). “Arabiarren filosofoa” deitua. Filosofiak garai hartan zuen esanahiarekin bat zetozen alor asko landu zituen: metafisika, matematika, astronomia, astrologia, musika, gauza ezkutuen jakintza eta izadiaren zientziak. Bilaketa filosofikoaren eta igarleen agerpenaren arteko oinarrizko adostasunak gorpuzten zuen bere teoria; logika eta filosofia biltzen dituen giza zientzia (ilm insani) eta igarleei bakarrik dagokien jainkozko zientzia (ilm ilahi) bereizten zituen; ezagutzaren bi maila zirela uste zuen eta ez inondik ere elkarren aurkako bi pentsaera. Jainkoaren jardueraren eta izadiaren jardueraren arteko bereizketa egiten zuen. Atenasko neoplatonisten, Aristotelesen eta neopitagorikoen eragina izan zuen, baina eragin horiek islamen ikuspegi orokorraren baitan sartzen zituen; al-Kindik filosofiaren bidea argitzen duten argiontzitzat zituen egiak. Bagdadeko Jakintzaren Etxearen ildotik itzultzaile askorekin jardun zuen elkar lanean greziarren lan klasikoak musulmanen artean zabaltzeko. Lan asko idatzi zituen baina gehienak galdu dira.