Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kina-arbola

iz. Bot. Errubiazeoen familiako, eta bereziki cinchoma generoko zenbait zuhaitzen nahiz zuhaixkaren izena. Arrautza edo lantza itxurako hosto osoak, larrukara samarrak, distiratsuak eta elkarren aurka antolatuak izaten dituzte. Loreak, berriz, hodi egiturakoak, eta kolorez zuri gorrixkak, gorriak nahiz zuriak izan ditzakete. Fruitua kusku itxurakoa eta hazi askokoa dute. Hego Ameriketako ipar-mendebalean hazten dira, Ande mendietako barrualderako lurraldeetan batez ere. Ande mendietako indiarrek helgaitza sendatzeko erabiltzen zuten zuhaitz hauen azalarekin egindako edabea. Europan Cinchona officinalis arbolaren azalarekin egindako hautsa erabili zen lehendabizi, helgaitza oso zabaldua baitzegoen landare hori sartu zenean, baina laster ezagutu ziren C. calisaya, C. succirubra eta C. ledgeriana ere, guztiek baitzeuzkaten kinina eta zinkonina alkaloideak. Indonesian eta Hego Ameriketan asko landatzen dira gaur egun zuhaitz mota horiek.  v  Kina horia (Ladenbergia undata). Ande Mendietan, Venezuela eta Kolonbia aldeko eskualdeetan hazten dena.  v  Kina zuria (Aspidosperma cuspa). Apozinazeoen familiako zuhaitza, 6-8 m luzea, arrautza itxurako hostoak eta lore horiak dituena. Hego Ameriketako iparraldean hazten da. Herri medikuntzan oso erabiliak dira zuhaitz honen hostoak eta azala.