Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kinbundu

iz. Etnogr. Angolako talde etnolinguistiko nagusietako bat, kinbundu hizkuntza bantuaz mintzo diren herriek osatua. Kinbundu taldeko herri nagusiak mbaka, ndongo eta mbondoak dira. Angola iparraldean bizi dira, Luanda inguruan, Dande eta Kwanza ibaien arteko lurraldean. XVI. mendean elkarren artean loturarik ez zuten herriek osatzen zuten kinbundu taldea, baina Kongoko erresumaren presioa zela eta, herri horietako baten legea onartu (ndongo leinuarena hain zuzen) eta haren mendean bateratu zituzten kinbundu herri guztiak. Portugaldarrek kinbundu herrien batasuna hautsi zuten, eta XVI. mendearen bukaeratik XVII. mendearen bukaerara gatazkak sorrarazi zituzten ndongo leinua osatzen zuten herrien artean. Leinu desberdineko kideen arteko ezkontzak eta portugaldarren nagusitasuna direla eta kinbundu taldean nabarmena da kultura desberdinen kutsua. 1970 inguruan Kinbundu taldea zen Angolako Nazio Askapenerako Higikundea osatzen zuen talde nagusia. 1.970.000 kinbundu inguru dira gaur egun.