Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kincaid, Jamaica

Antiguar eleberrigilea (Antigua, Antigua eta Barbuda, 1949). Hamazazpi urte zituela, New Yorkera joan zen, haurtzain. Handik gutxira bere benetako bokazioari heldu zion eta idazten hasi zen. 1980ko hamarraldiaren erdialdera ezagutarazi zuen bere burua Estatu Batuetako kultura munduan, kontakizun bilduma batez: At the Bottom of the River (Ibaiaren zolan). Liburuak berehala erakarri zuen kritikarien eta irakurleen arreta, idazlearen kontakizunerako trebeziarengatik. Handik gutxira, A Small Place argitaratu zuen, bere herriari, kulturari eta tradizioei buruzko saiakera argigarria. Gero fikziozko beste hiru eleberri idatzi zituen, oso harrera ona izan zutenak: Annie John, Lucy eta Gure anaia. Eta hurrena Gure amaren autobiografia idatzi zuen, bere lanik onena, bere bizitza kontatzen duen hirurogeitaka urteko emakume baten istorioa, eta europarren mendean egondako nazio, arraza eta kultura baten destinu zoritxarrekoaren isla.