Kerouac, Jack
Estatu Batuetako idazlea (Lowell, 1922 - St. Petersburg, Florida, 1969). Jaiotzez kanadar familia bateko semea zen, eta ingelesa bigarren hizkuntza zuen. Lanbide askotan jardun ondoren, 1950ean, The Town and the City (Herritxoa eta hiria) nobela argitaratu zuenean, beat belaunaldiaren idazle nagusi bihurtu zen. Ohikoak ziren erak alde batera utzirik, estilo berezia, etenik gabea, landu zuen. Estilo horretan idatzi zuen On the Road (1957, Bidean), hiru astean amaitu zuena, bere obrarik ezagunena. Gero The Dharma Bums (1958), Mexico City Blues (1959), Doctor Sax (1959), Maggie Cassidy (1960), Lonesome Traveler (1960), Visions of Cody (1960), The Scripture of the Golden Eternity (1960), Book of the Dreams (1961), Big Sur (1962), Desolation Angels (1965), Satori in Paris (1966) eta The Vanity of Dulnoz (1968) idatzi zituen. Obra guztiak autobiografikoak dira. Horietako protagonista gizaki arrunta ez bezalakoa da denetan, eta beste azpi-mundu bat eratzen da, bizitzaren maitasun, edertasun, jazz, sexu, droga, lastertasun eta mistizismoz betea.