kartesianismo
iz. Fil. Descartes frantses filosofoaren eta haren jarraitzaileen filosofia dotrina. XVI. mendetik Kant-en (1724-1804) garaietaraino kartesianismoa sistema filosofiko nagusia izan zen Europan. Descartesek bere filosofia azaltzerakoan ez zuen inolako eskolarik sortu nahi izan; hala ere, berak eratutako epistemologia berriak Erdi Aroko autoritate argudioa eta tradizio eskolastikoa alboratu zituen eta metafisikaren alorreraino ere hedatu zuen arrazoiak gidaturiko metodoa. Horren ondorioz, Descartesek eratutako arrazionalismoa nagusitu zen Europako filosofoengan, Frantzian eta Holandan bereziki, eta eskola kartesiarra sortu zen. Kartesianismoa beretu zuten lehen pentsatzaileen artean Port Royalgo Gramatika eta Logika moldatu zituzten Arnauld eta Nicole jansenistak izan ziren. Pascalek ere Descartesen logika eta fisika onartu zituen, arrazoi matematikoa arazo moral eta erlijiosoetara hedatzeari uko egin arren. Oratorioko filosofoek (Bérulle, Malebranche, Poisson) kartesianismoa eta agustinismoa bateratu zituzten. Spinoza Descartesen epistemologian oinarritu zen bere sistema metafisiko handia eraikitzeko; geroago Leibnizen kritika zorrotza jasan zuen. Enpirismo ingelesak hasieran kartesianismoaren eragina izan zuen; hala, J. Locke filosofo enpirista Descartesen jarraitzailea izan zen, sortzetiko ideei dagokienez izan ezik. Kantek kartesianismoarekiko etena markatu zuen. Azken garaietako filosofian kartesianismoak bizirik dirau, bai inspirazio iturri gisa bai kritika gai gisa. Descartesen filosofia aztertzeko interes handia izan dute Husserl, Heidegger, Bergson, positibismoak, estrukturalismoak (Lacan, Foucault) eta Chomsky-k.
- kartbeliko
- kartel 2
- kartel
- karter
- kartero
- kartesianismo
- kartesiar
- kartilago
- kartografia
- kartoi
- kartsu