Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kartografia

iz. Mapak egiteko antzea.  v  Kartografia historiaurreko ehiza edo arrantza lekuen irudikatze soilarekin abiatu zen. Antzinateko kultura handietan (Mesopotamia, Egipto, Txina) ezaguna zen baina Greziako zibilizazioak goratu zuen zientzia jardunen mailara. Filosofo pitagorikoek Lurraren forma esferikoa aurkitu eta Eratostenek (K.a. 275-195) meridianoaren arkua neurtu ondoren, Ptolomeok (100-178) orduan ezagutzen zen munduko mapa egin ahal izan zuen. Meridianoen eta paraleloen sarea esferatik planora eramatea izan zen Ptolomeok bere irudikatze kartografikoan ebatzi behar izan zuen arazo nagusia; proiekzio konikoa erabili zuen eta emaitza aski zuzena izan zen. Erromatarren garaian eta Goiz erdi aroan greziarren zientzia ezagupenak ahaztu ziren eta kartografiak atzerakada handia izan zuen. Berant Erdi Aroan itsasketa aurreratu zen eta, aurrerapen horren ondorioz, orduko itsas mapek garai haietan ezaguna zen munduaren ikuspen aski zehatza ematen dute. Arabiarrek greziarren teknika kartografikoak hartu zituzten eta astrolabioari esker ezagupen haiek gainditu zituzten. Ipar orratza aurkitzeak (XII. mendea) aurrerapen handia ekarri zuen eta marinelek egindako itsas mapak etengabe hobetuz joan ziren hiru mendetan zehar. Alabaina, Errenazimentuko aurkikunde geografikoek eta itsas handietako bidaiek aurrerapen erabakigarria ekarri zuten; izan ere, kostako erreferentzia puntuak ikusten ez zirelarik, karta fidagarriak premiazkoak bihurtu ziren. Hala, nabarmentzekoak dira garai hartako zenbait kartografok egindako mapak: Juan de la Cosa (1500) Pedro eta Jorge Reinel (1506), Sebastian Cabot (1546), eta beste batzuenak. Mercator holandarrak behin betiko hobetu zuen meridianoen eta paraleloen bidezko irudikatze hura proiekzio zilindriko isogonoa erabiliz bere 1569ko mundu-mapan. Garai hartan Abraham Ortelius-ek atlas bat argitaratu zuen: Theatrum orbis terrarum. Harrezkero, ezagupenak sakonduz eta hedatuz jarraitu ziren, batez ere bi arrazoirengatik: longitudeak eta latitudeak neurtzeko tresnen hobekuntzarengatik, eta lurralde ezezagunetako kartografia egiten zuten espedizio geografikoengatik. Hala, itsas mapei Lur osoko mapak jarraitu zitzaizkien. Gaur egungo irizpideen arabera, lehen mapa modernoa Frantzian egin zuten Cassani kartografoek 1744-1815 bitartean. Gure mendean, ordea, hegazkinen eta fotografiaren aurrerapenak bultzada ikusgarria eman dio kartografiari, eskulana izatetik industria jarduera izatera iragan baita.