Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Karlos

Nafarroako hiru erregeren izena.  v  Karlos I.a. Nafarroako eta Frantziako errege 1322-1328 bitartean (1294 - Vincennes, 1328). Filipe IV.a Ederra-ren eta Burgundiako Mariaren semea zen. Filipe V.a bere anaiaren ondorengo izan zen. Bere erreinaldian justizia eta finantza gaietan aurreramendu handiak egin ziren.  v  Karlos II. Nafarroako errege 1349-1387 bitartean (1322 - 1387). Joana II.a Nafarroakoaren semea eta Luis X.a Frantziakoaren biloba. Nafarroaren aginpidea Frantzian eta Espainian zabaltzeko ahaleginak egin zituen. 1352an Joan II.a Frantziakoaren alaba Joanarekin ezkondurik, behinola bere amaren esku izandako Xanpaina, Brie eta Angulemako feudoak eskatu zituen. Joan erregeak lurralde horiek La Cerda-ko Karlos kondestableari aginduak baitzizkion, Karlos II.aren aldekoek hura hil zuten. Baina, bitartean Karlos II.a ingelesekin tratutan ari zenez, akordioa egin behar izan zuen Joan erregeak harekin, eta Normandiako lurralde zabalak eman zizkion. Karlosek ingelesekin tratuak egiten jarraitzen zuenez, Joan II.ak Erruanen preso hartu zuen. Geroxeago ingelesek Joan II.a preso hartu zuten Poitiers-en. Karlos II.ak kartzelatik ihes egin zuen 1357an; Frantzian alderdi askorekin tratuak egin, eta Normandia berriro eskuratu zuen. Orduan Nafarroara itzuli zen berriro. Espainian hasieran Petri Ankerra Gaztelakoari lagundu zion Petri IV.a kontra (1362). Geroago, ordea, Petri IV.arekin eta Henrike Trastamarakoarekin aliatu zen Petri Ankerra-ren kontra (1363). Joan II.a Frantziakoa hilik, Karlos V.ak indar militarrez Frantziako lurralde gehienak uztera behartu zuen. 1378an Karlos Nobleak onartu beharra izan zuen bere aita Ingalaterrarekin tratutan ez ezik, Karlos V.a pozoitzeko ahaleginetan ibilia zela. Horrek Nafarroak Normandian zituen lurralde guztien galera ekarri zuen, Cherbourg ezik.  v  Karlos III.a Noblea. Nafarroako erregea (Mentes, 1361 - Olite, 1425). Karlos II.aren eta Joana Frantziakoaren seme zaharrena zen. Aita ez bezala, bake politika egiten ahalegindu zen Gaztelarekin ez ezik baita Frantziarekin ere. Parisko hitzarmenaz (1404) Xanpaina-ko lurraldearen eskaria alde batera utzi eta Cherbourg eta Evreux-eko konderria itzuli zizkion Karlos VI.a Frantziakoari Nemours-en truke. Zuria Nafarroakoa izan zuen ondorengo. Justiziaren zaintzaile eta Arte Ederren sustatzaile izan zen eta bakea gorde zuen bere erresuman.