Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Karlos

Ingalaterra, Eskozia eta Irlandako bi erregeren izena.  v  Karlos I.a. Ingalaterra, Eskozia eta Irlandako errege 1625-1649 bitartean. Bere absolutismo politiko eta erlijiozkoarengatik liskarrak izan zituen Parlamentuarekin. 1626-1640 bitartean Parlamenturik gabe gobernatu zuen. Baina Eskozia anglikanoen Prayer Book (Otoitz Liburua) erabiltzera behartu nahi izan zuenean, matxinatu egin zen. Gerra gastuei erantzun ezinik berriro bildu zuen Parlamentua. Hark erregeren laguntzaileak epaitu eta heriotzara kondenatu zituen. Ondorengo gerra zibilean, Parlamentu zaleek eskoziarrekin bat eginik, Marston Moor-en (1644) eta Neseby-n (1645) menderatu zuten erregea. Hura Eskozian babestu zen, baina eskoziarrek Ingalaterrako Parlamentuaren esku utzi zuten. Ihes egin eta beste matxinada bat antolatu ondoren, Parlamentuak hiltzera kondenatu eta Londresko Whitehall-en hil zuten 1649an lepoa moztuta.  v  Karlos II.a. Ingalaterra, Eskozia eta Irlandako errege 1660-1685 bitartean (Londres 1630 - Londres 1685). Karlos I.a, haren aita, hil zutenean Frantzian babestu zen, eta Eskozian errege aldarrikatu zuten. Cromwell-ek Worcester-en menderaturik (1651) erbesteratu egin behar izan zuen berriro. 1660an George Monk-ek berriro erregetzara itzuli zuen. Errege eskuzabala izan zen. Haren erreinaldiaren hasieran izurritea eta Londresen erretzea izan ziren. Hala ere, maila gorenetara jaso zituen Ingalaterrako kultura eta artea.