Karlos
Frantziako hamar erregeren izena. v Karlos I.a Handia. ik. Karlomagno. v Karlos II.a Burusoila. Frantziako errege (843-877) eta Erromako Inperio Santuko enperadorea 875-877 bitartean (823 - Brides-les-Bain, 877). Haren erreinaldian liskar ugari izan ziren, familia interesen, normandiarren erasoen eta aristokraziaren iskanbilen ondorioz. Irakaskuntza bultzatu zuen. v Karlos III.a Lodia. Frantziako errege-orde 884-887 bitartean (839 - Reichenau, 888). Italiako (884-887) eta Alemaniako errege (882-888) izan zen. v Karlos III.a Sinplea. Frantziako errege 893-922 bitartean (879 - Péronne, 929). 911n Neustriaren zati bat normandiarrei eman zien (Normandia) haiek kristautzeko baldintzetan. 922an erregetzatik kendu eta preso hil zen. v Karlos VI.a Ederra. ik. Karlos I.a Nafarroakoa. v Karlos V.a Jakintsua. Frantziako errege 1364-1380 bitartean (Vincennes, 1338 - Nogent-sur-Marne, 1380). Joan II.aren semea. Hura preso zen bitartean, erregeorde izan zen, Etienne Marcelen matxinada eta laborariena menderatu zituen eta Bretignyko hitzarmena sinatu zuen Ingalaterrarekin. Errege koroaturik, Nafarroako Karlos II.aren kontrako gerra amaitu zuen, Ingalaterrari Frantzian zituen ia lurralde guztiak kendu zizkion (Calais eta Bordele ingurua salbu), eta Bretainiako duketzarako gerra bukatu zuen. Letren eta arteen babesle izan zen: Erregeren liburutegia sortu zuen (bere eskuizkribu bildumarekin), Louvre berriro eraiki zuen. v Karlos VI.a Eroa. Frantziako errege 1380-1422 bitartean (Paris,1368 - Paris, 1422). Gobernu oneko erregea izan zen, erotu zen arte (1392). Handik aurrera gerra zibila piztu zen Frantzian (Armañac-tarrak eta Bourguignon-darrak). Henrike V.a Ingalaterrakoak Bourguignon-darren alde egin zuen, eta Azincourt-eko gudua (1415) irabazi zuen. Bere erreinaldiaren bukaeran Troyes-ko hitzarmena sinatu zuen, bere semea gaitzetsi eta oinordeko Henrike V.a izendatuz. v Karlos VII.a. Frantziako errege 1422-1461 bitartean (Paris,1368 - Paris, 1422). Karlos VI.aren semea, hark Troyes-ko hitzarmenean oinordeko gisa gaitzetsia. Joana Arc-ekoak Orleans konkistatu eta Reims-en Frantziako errege koroatu zuen (1429). Hura preso hartu zutenean, ordea, ez zuen batere ahaleginik egin salbatzeko. Kanpaina militar askoren buruan Ingalaterrako gudarostea Frantziatik kanpora egotzi zuen (Calais-tik salbu). Erregearen aginpidea indartu eta gudaroste sendoa antolatu zuen. v Karlos VIII.a. Frantziako errege 1483-1498 bitartean (Amboise,1470 - 1498). Luis XI.aren semea. Napoliko erreinua konkistatu zuen (1495), baina Milanek, Veneziak, Maximiliano Austriakoak, Fernando Aragoikoak eta Alexandro VI.a Aita Santuak kontra eraso zioten, eta Napoliko erresuma utzi behar izan zuen. v Karlos IX.a. Frantziako errege 1560-1574 bitartean (Saint-Germain-en-Laye, 1550 - Vincennes, 1574). Henrike II.aren eta Katalina Mediciren bigarren semea zen. Amak eragin handia izan zuen betiere bere baitan. Higanoten eta katolikoen arteko liskarretan, bake ahaleginak egin zituen lehendabizi, baina gero katolikoen iritziaren eta haren amaren eraginez, San Bartolome gaueko hilketak egiteko agindu zuen (1572), eta era horretara higanoten eta katolikoen arteko gerrarako sua berriro piztu. v Karlos X.a. Frantziako errege 1824-1830 bitartean (Versailles,1757 - Gorizia, 1836). Luis XV.aren biloba eta Luis XVI.aren anaia zen. Frantziako Iraultza garaian Ingalaterrara ihes egin zuen. Luis XVII.aren ondorengoa izan zen. Monarkia absolutua ezarri nahi izan zuen berriro. Parisko herria 1830ean matxinatu zen; Karlos X.ak bere bilobaren alde abdikatu zuen eta erbesteratu egin zen. Frantziako azkeneko errege borboitarra izan zen.