Karlos
Espainiako lau erregeren izena. v Karlos I.a. ik. Karlos I.a Espainiakoa. v Karlos II.a Sorgindua. Espainiako erregea 1665-1700 bitartean (Madril, 1661 - Madril, 1700). Filipe IV.a Espainiakoaren eta Mariana Austriakoaren semea zen. Bere ama erregin-orde zela iritsi zen erregetzara. 1675ean hartu zuen kargua. Nagia eta gaixo samarra zen. Haren erreinaldian Espainian errenazimentutxo bat izan zen, nazioarteko harremanetan ordea hondamendia. Frantziako Luis XIV.ari Flandria utzi behar izan zion lehenik (1668), gero Artois eta Franche-Comté (1678), eta Augsburg-eko Ligan sartu izanak, Kataluniaren inbaditzea eragin zuen. Filipe Anjoukoaren alde egin zuen testamentuaren ondorioz Espainiako Erregetzarako gerra piztu zen. Espainiako azkeneko errege habsburgotarra izan zen. v Karlos III.a. Espainiako erregea 1759-1788 bitartean (Madril, 1716 - Madril, 1788). Filipe V.aren eta Elisabet Farnesekoaren semea zen. Parmako eta Napoli eta Siziliako errege izan zen lehendabizi (1738). Gero bere anaierdi zuen Fernando VI.aren lekua hartu zuen. Argien mendeko erregea izan zen: Aranda, Jovellanos, Floridablanca eta Camponanes aholkularien laguntzarekin, Elizaren egituraren kontra egin zuen (jesuitak Espainiatik egoztea, 1767), nekazaritza eta merkataritza bultzatu zituen (San Karlos banketxea sortzea), eta finantzak indartu eta artea suspertu zuen. Nazioarteko politikan, Zazpi Urteetako Gerran parte hartzera behartu zen Familiako Hitzarmenaz; Ipar Ameriketako Independentziarako Gerran kolonoen aldeko jarrera hartu zuen, Ingalaterraren kontra; horren ordainez, Versaillesko hitzarmenean, Menorca eta Florida eskuratu zituen, baina Gibraltar galdu zuen, Ingalaterraren mesedetan. v Karlos IV.a. Espainiako erregea 1788-1808 bitartean (Napoli, 1748 - Erroma, 1819). Karlos III.aren semea zen. Maria Luisa Parmakoa bere lehengusuarekin ezkondurik, haren eragin handia izan zuen, eta haren bitartez Godoy-rena ere bai. Haren erreinaldian Espainiak Trinidad eta Luisiana galdu zituen, Frantziaren mesedetan; Espainiako ontzidiak Trafalgarko gudua galdu zuen (1805). Aranjuezko matxinadaren ondoren, Godoyk dimisioa eman eta erbesteratu behar izan zuen, eta Karlos IV.ak Fernando VII.a bere semearen alde abdikatu zuen. Baionan, 1808an, Napoleonek Jose Bonaparte bere anaiaren alde abdikatzera behartu zituen aita-semeak.