Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

karbonari

(It. carbonari «ikazkinak»). iz. XIX. mendearen hasieran Italiako hegoaldean masoi mugimenduko adar gisa osatu zen elkarte sekretu bateko kidea. Napoliko erresuman sortu zen taldea 1812. urte aldera Murat Napoleonek ezarritako erregea agintetik kendu eta Fernando IV.a eta Maria Carolina Bi Sizilietako errege-erreginak berriro ezartzeko asmoz. Helburu hura lortutakoan (1815), karbonariak ideia liberalen alde borrokatu ziren austriarren eta monarkia absolutuen aurka eta matxinadak bultzatu zituzten Napolin, borboitarren aurka, (1820) eta Piemonten (1821). Mazzinik 1831. urtean sortu zuen Giovine Italia elkarte sekretuak hartu zuen karbonarien lekukoa. Karbonarien barne antolamendua masoien logien modukoa zen. Karbonarien mugimendua Frantziara (1821-1822, monarkiaren berrezarpenaren aurka) eta Espainiara (karbonari errepublikazaleak, 1858tik aurrera) igaro zen ondoko urteetan.