karbohidrato
iz. Biokim. Karbonoz, hidrogenoz eta oxigenoz osaturiko gai multzoa. Karbohidratoen molekulan hidrogenoaren eta oxigenoaren arteko erlazioa urarena bera da eta molekulek hidroxilo eta karbonilo multzo bana dute. Izadian karbohidratoak gai organiko ugarienak dira eta landare lehorren pisuaren % 75 osatzen dute. Halaber, animaliengan eta bizitza-forma sinpleetan ugari aurkitzen da. Hiru multzotan banatuak dira: monosakaridoak edo azukre sinpleak, hala nola fruktosa eta glukosa (bien formula: C6H12O6); disakaridoak: sakarosa, maltosa, zelobiosa (hiruen formula, C12H22O11) eta laktosa (C11H22O11); polisakaridoak (polimeroak). Azken sail honek almidoi, zelulosa eta goma natural mota guztiak biltzen ditu. Gaur egun energi iturri garrantzitsua den etanolaren munta handiko jatorria dira karbohidratoak.