Kangxi
Txinako enperadorea, Txing dinastiakoa (1654-1722). 1661ean, zazpi urterekin, Shunzhi-k bere aitaren lekua hartu zuen, lau enperadoreordeen babespean. 15 urterekin hartu zuen aginpidea, azken enperadoreordea, Oboi, baztertu ondoren, diktadore gisa jokatzen baitzuen. v Kanpoko politika. 1681ean, armada ahaltsu batez, hegoaldeko hiru errege feudal, Yunan eta Funkien-en nagusi zirenak eta inperioaren egonkortasunari mehatxu egiten ziotenak, menderatu zituen. 1683an, Taiwango Txeng dinastia barruko liskarrez baliatuta, uharteari eraso zion eta bere inperioari erantsi. 1689an Petri I.a tsar-arekin Nertxinsk-eko ituna izenpetu zuen, Txinaren eta Errusiaren arteko muga zehaztu zuena. Haren ondoren Mongolia Kanpoaldekoa beretu zuen (1696). Gudarosteak Gobiko basamortua gurutzatu behar izan zuen, eta enperadoreak berak hartu zuen osteen gidaritza. Hogei urte bakean eman ondoren, 1717an Kangxi-k Tibetera jo zuen eta hiriburua, Lhasa, hartu zuen. v Administrazioa. Militar bikaina izateaz gainera, gobernari artatsua zen Kangxi. Txosten guztiak irakurtzen zituen, eskribauen ortografia ere zuzentzen zuen eta oharrak egiten zizkien, gerra garaian egunean 400 bat txosten irakurri behar izanda ere. Kangxik garrantzi handiko lanak egin zituen Huang Ho ibaiaren ibilguan uholdeak saihesteko eta Ubide Handia, Hunag Ho eta Yangtze ibaiak elkartzen zituen elkarbide nagusia, hobetu zuen. Bizitza pribatuan neurritsua zen; bere agintaldian asko gutxitu ziren konkubinak eta eunukoak. Ez zituen zergak inoiz goititu, ezta gerra garaian ere; jaitsi ere egin zituen behin baino gehiagotan. v Kultura. Irakurketarako zaletasun handia zuen. Garrantzi handiko obrak idatzarazi zituen bere erreinaldian: Ming dinastiaren historia ofizial bat; Txinako letren hiztegia, ia 42.000 letra biltzen zituena; eta bi entziklopedia handi, haietako bat 10.000 ataletakoa, bere agintaldian bukatu ezin izan zuena. Europako teknologia eta jakintza eskuratzeko misiolari jesuitez baliatu zen. Behatoki Inperialeko zuzendari Ferdinand Verbiest jesuita izendatu zuen; hark inperioko egutegi ofiziala egin zuen. Gerbillon eta Bouvet enperadorearen matematikariak izan ziren, eta Jartoux eta Regis-ek inperioko atlasa egin zuten. Jesuitei ekarpen haiek eskertzeko 1692tik aurrera Kangxik kristautasuna Txinan zabaltzeko baimen ofiziala eman zien. Frantziskotar, domingotar eta agustindar askok hartu zuten egoitza Txinan, baina haien irakaspenak ez ziren jesuitenak bezalakoak, jesuitek uzten baitzieten Txinako katolikoei beren errituak gordetzen. Hori zela eta, Kangxik Aita Santuaren ordezkariari eta jesuiten jokabideari jarraitzen ez zioten misiolari guztiak egotzi zituen Txinatik kanpora. 1720an enperadoreak Aita Santuaren beste ordezkari bat izendatu zuen. Laugarren semea, Yinchen, izan zen Kangxiren ondorengo.