Kanbo
Lapurdiko barnealdeko udalerria, Ezpeletako kantonamenduan. Cambo-les-Bains du izen ofiziala. Mugak: ipar eta ekialdean Hazparne, mendebalean Haltsu eta Larresoro, eta hegoaldean Itsasu. Garaiera, 60 m. 22,49 km2. 1999ko datuen arabera, 4.541 biztanle (kanboarrak). Lapurdiko barnealdeko herririk garrantzitsuenetakoa izan arren, biztanleriari eutsi dio oro har azken hamarkadaten, kostaldeko herriek izan duten handitzea bizi gabe. Auzo nagusiak: Eliza, Behereko Kanbo, Olhassoure, Termak eta Basaburu. Errobi ibaiak zeharkatzen du udalerria. Euskara, behe-nafarrera; euskaldunak, % 62. Herri honen garrantzia bainuetxeetan datza (badira hamabi bainuetxe, 1.300 ohe eta zortzi hotel), eta, beraz, zerbitzuen alorrean oinarritzen da ekonomia jarduera nagusia (langileen % 45). Nekazaritza: artoa, barazkiak, bazkarako landareak, behi eta ardi azienda. Aipagarriak dira XVII. mendeko San Lorentzo eliza eta Arnaga jauretxea (egungo museoa). v Historia. Historia aurreko garaietan baziren biztanleak Kanbon, Olha-ko bizilekuan eginiko aurkikuntzek erakusten dutenez. Bertako uren ezaugarriak erromatarren garaietatik ezagutzen dira. 1199. urteko dokumentu batean aipatzen da Kanboko herria Sansa izenez (Azantzako jauretxetik zalantzarik gabe). Bertako oinetxe ugari suntsitu zuen 1244. urtean Teobaldo I.a Nafarroako erregearen armadak. Agoten kolonia bat egokitu zen Kanbo Behereko auzoan XVII. mendean. Kanboraino luzatzen zen aspaldidanik Errobi ibaian ontzitarako tartea eta XIX. mende erdialdera arte erabili zen ibai-portua. XVII. mendeaz geroztik ospe handia izan dute Kanboko bainuetxeek eta errege-erreginak eta pertsona garrantzitsu ugari hurbildu dira bertara azken bi mendeetan. Kanbon eraiki zuen Edmond Rostan, frantses antzerki idazle famatuak Arnaga deitu etxe ikusgarria, orain bisitatua izateko moduan antolatua. Michel Labiguerie, iparraldeko politikari ezaguna, bertako alkate izan zen anitz urtez.