Kanbises IIa
Persiako erregea (K.a. 530-522 inguruan). Ziro II.a Handiaren semea eta ondorengoa. Gaztetan bere aitarekin batera erregekide izan zen Babilonian. Bere anaia, Bardiya, Sortaldeko probintzietako gobernaria zena, hiltzeko agindu zuen. 525ean Egiptori eraso zion eta Psametiko III.a aginpidetik egotzi zuen. Bere burua faraoi izendatu eta XXVII. dinastia sortu zuen. Oso agintari gogorra izan zen Egipton; hala, bere arreba Roxana hil zuen Menfisen. Egiptotik 522an atera zen, eta Sirian jakin zuen beste batek kendu ziola erregetza, Bardiya bere anaia hilaren lekua hartuta. Istripuz hil zen, edo bere burua hil zuen, Persiarako bidean.