Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kanbriarra

(Lat. Cambria, «Gales»). izond. eta iz. Geol. Paleozoiko edo lehen aroko lehen aldia, kanbriarraurrearen eta Ordoviziarraren artekoa (590-505 milioi urte inguru).  v  Aldi hartako bizitza uretara mugaturik zegoen. Itsas belarrak ziren ia landare bakarrak eta ornogabeen talde garrantzitsuenak ordukoak dira. Brakiopodo eta trilobite fosilak kanbriarraren bereizgarri dira. Lurra, gehienbat, hondo gutxiko itsasoak estalia zegoen. Kanbriarra, oro har, egungo garaia baino beroagoa izan zen. Lehorreko lur gehienak ekuatorean edo haren inguruan zeuden. Gondwana hegoaldeko kontinente handiak Hego Amerika, Afrika, India, Antartika, Australia eta Asiako zati batzuk hartzen zituen. Beste zenbait lehorgune barreiaturik ageri ziren gaurko Ipar Amerika, Groenlandia, Europa eta Afrikako ipar mendebalean zehar. Lapetus deritzan Atlantikoa baino lehenagoko ozeanoa lur horietan sartzen zen. Ande mendiak hazten hasi ziren eta Australiako sumendiek labaz estaltzen zituzten eremu handiak. Itsasoek hareharrietarako materiala garraiatu zuten lehorrera eta Dolomitak eratzen hasi ziren. Aldi honetan hiru garai bereizten dira trilobite mota desberdinen arabera: zaharra, erdikoa eta berria.  v  Kanbriarraurrea. Arkearra edo Aro Arkaikoko bigarren aldia, lurraren eraketatik kanbriarrera doana (4.600 - 600 milioi urte inguru). Bi garai bereizten dira: Arkearra (4.600 - 2.500) eta Proterozoikoa (2.500 - 590). Aldi hartan sortu zen bizia eta gertatu zen lehen mugimendu orogenikoa (huroniarra).