Kalikrates
Antzinako Greziako arkitektoa, Atenasko Akropoliko Atena Nikeren tenplua eta, Iktinorekin batera, Partenon tenplua eraiki zuena (K.a. V. mendea). K.a. 449. urtean (Persiarekiko bakea sinatu zen urte berean) Atenako senatuak Akropoli mendian Atena Nike (Atena Garaile) jainkosari tenplua eraikitzeko agindua eman zion. Marmolezko tenplu txiki bat eraiki zuen, ordena jonikoarrari jarraituz, Akropoliaren hego-mendebaleko ertzean. 427. urtean hasi eta 424. urterako burutua zuen. Partenon tenplua, Iktino arkitektoarekin batera eraikia, Greziako tenplu dorikorik handiena da. K.a. 447. urtean hasi zen eraikitzen, eta 438. urteko Panatenea jaietarako amaituta zegoen. Bere obraren eragina kontutan hartuta, Greziako aldi klasikoko arkitektorik handienen artean kokatzen da Kalikrates.