Juni, Juan de
Espainiar eskultorea, jatorriz frantsesa (Joigny, 1507 - Valladolid, 1577). Italian izan ondoren (Lombardia, Erroma) Espainiara jo zuen eta Leon, Valladolid, Salamanca eta Segovian lan egin zuen batez ere. Harenak dira, besteak beste, zazpi irudiz osaturiko Hilobiratze Santua (Valladolidko museoan), Segoviako katedraleko erretaula nagusia (1571), Valladolidko San Benito elizakoa (1560), Medina de Riosecoko Benaventetarren kapera eta eliza bereko Estuasuneko Andre Mariaren irudia. Tradizio gotikoa erabat ahaztu gabe, manierismoaren ikusmoldeei jarraitzen die Juan de Junik eta dramatismo nabaria dute bere lanek. Espainiako eskultore handienetako bat izan zen Alonso Berrugueterekin batera.