Jungk, Robert
Austriar idazle eta militante ekologista (Berlin, 1913 - Salzburgo, 1994). Jatorriz judua zen. Filologia ikasten hasi zen Berlinen, baina naziek agintaritza hartu zutenean alde egin behar izan zuen Alemaniatik. 1944. urtetik aurrera Estatu Batuak hartu zituen bizilekutzat. Zientzia eta teknologiaren hedapenerako artikulu ugari idatzi zituen. Bere lanek oihartzun handia lortu zuten jendearen artean, eta bere iritziek eragin handia izan zuten Estatu Batuetako politika ekologikoan. Manhattan Proiektuan lehen arma nuklearrak egin zituzten zientzialariei buruzko liburu bat idatzi zuen, Ehun eguzki baino distiratsuagoa (1956), eta Hiroshimako bonba atomikoak eragindako hondamenari buruzko txosten bat argitaratu zuen, Etorkizuna hasi da (1959). Berlingo Etorkizunaren Ikerlanetarako Institutuko zuzendari egin zuten, eta energia nuklearraren kontrolik gabeko erabileraren aurka nazioartean sortu zen mugimenduko buruzagietako bat izan zen. Austrian energia nuklearraren erabilpena debekatzeko erreferendumaren alde lan egin zuen. 1992ko lehendakaritzarako hauteskundeetan Berdeen alderdiaren alde azaldu zen. Beste lan batzuen artean ditu: Bizirik iraungo dugu (1966) eta Estatu nuklearra (1970).