Jonas
Bibliako igarle txikia, bosgarrena Itun Zaharrean (Erregeen II. Liburua XIV, 25). K.a. VIII. mendean Nazaret herritik hurbil jaio zen eta Amittayren semea zen, Zabulonen leinukoa. Jeroboam Israelgo erregearen eta Osias Judaren erreinuko erregearen garaikoa zen. Mirarigile gisa aurkezten du tradizioak, haren izena daraman liburuaren ildoan. v Jonasen liburua. Jonasek K.a. VIII. mendean idatzi zuela segurtatu den arren, aurkitu den kopia Niniveko hiria desegin ondoren egindako kopia bat baizik ez da. Liburuak dioenez, Ninivera joateko agindua eman zion Jainkoak Jonasi; hark, ordea, Tarsis aldera egin zuen Ninivera joan beharrean. Agindua ez betetzeagatik, nonbait, itsasoan arrain handi batek harrapatu eta handik hiru egun igaro arte ez zuen askatu. Ninivera jo zuen ondoren, Jainkoaren berri ematera. Kristautasunak Jesu Kristoren Piztueraren iragarpentzat hartu ohi du Jonasen historia.