Jiang Zemin
edo Chiang Tse-min. Txinatar politikaria (Yangzhou, Jiangsu, 1926). 1989tik aurrera Alderdi Komunistaren idazkari nagusia eta 1993tik aurrera Txinako Herri Errepublikaren presidentea. Mao Zedongen eta Deng Xiaopingen jarraitzaile, Jiang aldaketa ekonomikoak egiten eta beste nazioekiko harremanak hobetzen saiatu da, Txinan gobernu komunista indartsu bati eusteko. 1946an egin zen Txinako Alderdi Komunistaren kide, eta 1947an amaitu zituen ingeniaritza ikasketak Shanghaiko unibertsitatean. Alderdi Komunistak 1949an boterea hartu zuenean kargu garrantzitsuak izan zituen Shanghaiko industrian eta gobernuan. 1980ko hamarkadan gora egiten jarraitu zuen, bai alderdiaren barruan, bai gobernuan. 1982an Batzorde Zentralaren kide izendatu zuten eta 1985ean Shanghaiko alkate, eta 1987an Politburoren kide egin zuten, hots, Batzorde Zentralaren batzorde politiko eta betearazlearen kide. 1989an Txinako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izendatu zuten, Zhao Ziyangen ordez. Urte berean Deng Xiaopingek Batzorde Militar Zentralean zuen presidente kargua utzi zuen eta Jiangi eman zioten. 1993an Txinako Herri Errepublikaren presidente egin zuten. Bere esku zituen, beraz, alderdia, armada eta estatuaren administrazioa. Arazo askori aurre egin behar izan zien: Alderdi Komunista indarra galtzen ari zen, inflazioa eta merkataritza defizita gero eta handiagoak ziren, eskualde batzuen eta besteen arteko aldea ere gero eta handiagoa zen, ustelkeria oso zabaldua zegoen funtzionarioen artean eta mendebaldeko herri batzuekiko harremanak gaiztoturik zeuden. Kritika handiak zeuden gainera, nazioartean, Txinan giza eskubideak urratzen zirelako eta errepresio politikoa zegoelako. Jiangek ahalegin handiak egin zituen 1990eko hamarkadaren bigarren aldean arazo horiei erantzun bat emateko eta behatzaile askok uste baino eraginkorragoa izan zen bere kudeaketa. 1998an beste bost urterako aukeratu zuten Errepublikaren buruzagi.
- Jhang Maghiana
- Jhansi
- Jhelum
- ji
- Jiang Qing
- Jiang Zemin
- jibaro
- jibarta
- jiboi
- Jibuti
- Jiddah