jiboi
iz. Zool. Katirrinoen azpiordenako tximu antropomorfo batzuei ematen zaien izena. Hilobatino ere esaten zaie. Besoak hankak baino askoz luzeagoak izaten dituzte; zutik daudela ere uki dezakete eskuekin lurra. Burua txikia, biribila eta gizonarenaren antz handikoa dute. Kolorez beltzak, gaztaina kolorekoak, gris-ilunak edo horiak izan daitezke, eta oso ile fina dute. Antropomorfoetan talderik ugariena jiboiena da. Asian bakarrik bizi dira, Indotxinan eta Sonda-ko uhartedian, batez ere. v Jiboi arrea (Hylobates leuciscus). 90 cm inguru luze izaten da. Hanketako behatz guztiak bereizita ditu. Arre hauts-kolorekoa du ilea. Tximuen artean parekorik ez du zuhaitzetan ibiltzen. Ura edatera bakarrik jaisten da lurrera. Jabako oihanetan bizi da.