jentil
iz. Kristau ez den pertsona. ◊ Euskal Herria kristautu aurreko euskalduna, herri oroitzapenean izaki neurriz gaineko bihurtu dena. ◊ Juduentzat, judu ez den pertsona. v Euskal mitologian gai asko bildu dira jentil izen honetara. Oro har, kristautasunaren aurreko gizona da jentila, Euskal Herriko lehen kristauekin batera ere bizi izan zena, haien bukaera Kristoren jaiotzari loturik ageri ohi den arren. Lurralde behereetako biziguneetatik aparte bizi zen jentila, indartsua zen, baina ez gaiztoa eta kristau berriek ezagutzen ez zituzten gaitasun eta jakintza berezi batzuen jabe zen (garia, burdina, harria eta beste gai batzuk lantzen zekitenak esate baterako). v Jentil harria. Neolito Aroko hileta oroigarria, lurrean zutik finkaturiko harri batek osatua. v Jentil baratzea. Mairu baratzea, harrespila, jentilak lurperatuak izan omen ziren lekua.