Jeanclos, Georges
Frantses eskultorea (Paris, 1933 - 1997). Pariseko Arte Ederretako eskolan ikasi zuen, 1959an Erromako saria irabazi zuen eta Villa Medicin egonaldi bat egin zuen gero, Balthus zuzendari izan zen garaian. 1972tik aurrera, Sevreseko lantegiko ikerketa lantegiko buru izan zen eta 1976tik aurrera, Arte Ederretako eskolako irakasle. Bere eskultura lana oso berezia da, bere garaiko akademizismo guztietatik apartekoa. Israeldar jatorrikoa izanik, juduen tradizioa ekialdeko artearekin eta antzinako arte kristauarekin nahastu zuen. Urnes Kaddish (1978-1980) eskulturek, semeak aita hilari egiten dion Kaddish otoitzarekin dute zerikusia; Kamakura (1988) eskulturek, piramide bitxietatik ateratzen diren fraide japoniarrak gogorarazten dituzte eta Les Barques (1988) eskulturek, berriz, hilen erresumarako bidaiaren gaia berreskuratzen dute. Neurri txikiko eskultura horiez gainera, eta enkargu publikoei esker, obra handiak ere egin ditu, esate baterako, Monument à la mémoire de Jean Moulin (Champs-Élysées, Paris, 1984), Bercy-ko Finantza ministerioko Atea (Paris, 1989) edota Saint-Ayoul elizako Tinpanoa (Provins, 1990). Heldutasun garaiko lan horiek estilo pertsonalean berreginiko tradizio ikonografikoan koka daitezke.