jaurerri
iz. Jaun baten agintepeko lurraldea. || Erreinua. v Hist. Adiera zabalean, jaun baten lurraldea, haren mende daudenek lantzen dutena. Erromatarren garaitik ezagunak dira jaurerriak Europa osoan. Erromatarren Behe Inperioaren garaian, zenbait arrazoirengatik (gerrak, barbaroen erasoak, jabe txikien zorrak…), lurralde txikiak elkartu zirenean jaurerri berri asko sortu ziren. Jaurerriko nekazariek jaunen lurrak lantzen zituzten, zergak ordaintzearen eta beste betebeharren truke. v Adiera zehatzagoan, Erdi Aroan eta Aro Modernoan erregeak jaun baten esku uzten zuen lurraldea da jaurerria. Erdi Aroko jaurerrietan erregearen eginkizunak betetzen zituen jaunak. Jaunari immunitateak edo eskubide bereziak ematen zizkion erregeak. Hala, jaunek gero eta aginpide handiagoa eskuratu zuten Erdi Aro osoan, eta XII. mendean jaurerriak bere buruaren jabe ziren ia erabat, nahiz eta erregeak beretzat eskubide bereziak ere gorde (dirua egitea, epaiketa eta zerga bereziak…). Jaurerri horiek sortzeko arrazoiak era askotakoak izan ziren; Erdi Aroan, adibidez, gerra sariak eskuratzeko modua zen; XVI. mendean, erregeek diru premia zuten garaian, zergak biltzeko bide izan ziren. Jaurerrien gainbehera XVIII. mendean hasi zen; mende hartan Espainiako errege borboitarrak, adibidez, jaurerriak sortuz galdutako aginpidea berreskuratzen ahalegindu ziren. Erregimen liberalak jaurerriak desegin zituen, eta Cadizko Gorteek 1811. urtean jaurerriak debekatu eta lurraldeak jabetza pribatuko egin zituzten. Hala, bigarren bide horrek hartaraturik latifundioak aristokraziaren esku geratu ziren handik aurrera.