Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

japoniera

iz. Asiako ekialdeko hizkuntza, Japoniako hizkuntza ofiziala. 121 milioi lagunek hitz egiten dute gaur egun japonieraz. Dialekto asko ditu eta alde nabariak dituzte elkarren artean Japoniako eta Riu-Kiu izeneko hegoaldeko uharteetako dialektoek. 1868. urtearen ondoren zehaztu zen egungo japoniera batua (Menji enperadorearen garaiko Berrezarpena), Tokio aldeko dialektoan oinarrituta. Japoniar askok erabiltzen du bere dialektoa etxe eta herri hizkuntza gisa eta japoniera batua gainerako harremanetan. Eskuinetik ezkerrerako zutabeetan idazten da eta 2.050 ideograma edo ikur erabiltzen ditu ofizialki. Txineran erabiltzen diren karakterrak ez dira modu bakar batean irakurtzen, batean baino gehiagotan baizik. Japoniera hizkuntza polisilabikoa da; bost bokal (a, i, u, e, o) eta hamabost kontsonante (p, t, k, b, d, g, ts, x, j, m, n, r, h, w) erabiltzen dira japonierak. Izenak deklinatzen dira eta aditzak eta adjetiboak atzizkien bidez jokatzen dira. Ez ditu, bestalde, generoa eta numeroa zuzenean bereizten. Izenordeen sistema konplexua da eta gizarte hierarkiaren ordena zaharra islatzen du, antzinako hizkuntza askoren arabera. Hiztegi aberatsa du eta mailegu kopuru handiena txineratik hartua bada ere, grekoari, latinari edota frantsesari hartutako hitzak ere erabiltzen dira gaur egun. Japonieraren jatorria ez da oraino erabat zehaztu, baina badirudi antzinako koreeraren adarra dela, K.a. 3000. urte aldera edo bereizi eta Asiako kontinentean aspaldian galdu zena. Lau garai bereizten dira, oro har, japonieraren historian: antzinako japoniera (VIII. mendera bitartekoa), japoniera zaharra (VIII-XI. m.), Erdi Aroko japoniera (XII-XVI. m.) eta japoniera modernoa (XVII. mendetik aurrera). Mende hauetan guztietan sintaxian halako aldakuntzarik izan ez duen arren, aldaketa handiak izan ditu japonierak fonologia, morfologia eta hiztegian.