Japoniako itsasoa
(Japonieraz, Nihon-Kai). Asiako ekialdeko itsasoa, Ozeano Barearen mendebalean, Japoniako uhartediaren eta Asiako kontinentearen artean (Korearen eta Errusiako Errepublikaren artean). 2.600 km luze da eta 800 bat km zabal. 1.350 m-ko sakonera du batez beste eta 978.000 km2-ko hedadura. Koreako itsasarteak lotzen du Txinako itsasoarekin eta Honshu eta Kyushu-ko uharteak bereizten dituen Shimonoseki itsasarteak Ozeano Barearekin. Japoniako mendebaleko kliman eragin handia du Japoniako itsasoak. Arrain ugari dago (bakailaoa, sardinak, atuna…) eta garrantzi handia du arrantzak. Portu garrantzitsuenak: Vladivostok (Errusiako Errepublika), Pusan (Korea), Niigata, Tsuruga, Kitakyushu eta Otaru (Japonia).