Japonia
(Japonieraz, Nihon, Nippon). Asiako ekialdeko estatua, Ozeano Barean. Uhartedi bat da, 3.400 uhartez osatua, eta lau uharte nagusi bereizten dira, iparraldetik hegoaldera: Hokkaido, Honshu edo Hondo, Shikoku eta Kyüshü. Mugak: Okhotsk itsasoa, iparraldean; Ozeano Barea, ekialdean; Ekialdeko Txinako itsasoa, hegoaldean, eta Japoniako itsasoa mendebaldean. 377.728 km2 ditu, eta 2.400 km luze da iparraldetik hegoaldera. 127.417.244 biztanle (japoniarrak). Hiriburua: Tokio, Honshu uhartean. Hiri nagusiak: Osaka, Yokohama, Nagoya, Kioto eta Kobe. Hizkuntza ofiziala: japoniera. Erlijio nagusiak: budismoa eta sintoismoa. Dirua: yen-a. ■ Japoniako ingurumena oso gogorra da: maiz izaten dira sumendi leherketak, lurrikarak, tsunamiak (lehorrean oso barrura sartzen diren uhin bakartu erraldoiak), tifoiak; ipar-mendebaldean elurte gogorrak izaten dira, eta ipar-ekialdean, udan, laino iraunkorrak, arroz uzta honda dezaketenak. Hala ere, Japoniakoa da munduko biztanle dentsitate handienetako bat, eta mundu osoko herrialde aberatsenetako bat da. Japoniarren % 90 baino gehiago metropoli eremuetan bizi dira; metropoli garrantzitsuenak, Tokiok, 34,5 milioi biztanle ditu (2007) 13.500 km2-ko eremuan: munduko multzo urbano nagusia da. Hamaika hiri dira milioi bat biztanletik gorakoak, eta 150 baino gehiago 100.000tik gorakoak. ■ Biztanleak. Japoniar biztanleria oso homogeneoa da. Budismoa, gurtza sintoista (biztanleen % 40,3), konfuzionismoaren eredua, horiek dira japoniar gizartearen barne kohesioa areagotzen duten elementuak. 1868az gero, hazkunde demografiko izugarria izan da. 35 milioi biztanle ziren 1868an, eta 74 milioi 1941ean. Gerraren ondoren, ekonomia arazoek eta inperioaren galerak larriagotu egin zituzten biztanleria gehiegiaren kezkak; familia plangintzako politikak aplikatu dira (1948 eta 1952ko legeak). Gaur egun, gizarte eta ekonomia aurreratuak ditu Japoniak, langileen banaketak adierazten duen bezala: % 8 daude lehen sektorean, % 32 bigarrenean eta % 58 hirugarrenean. Biztanleriaren zahartasuna eta etorkizuneko langileen falta direla-eta, agintariek ateak zabaldu dizkiote immigrazio moderatu bati. ■ 1998an, Japoniak 126.400.000 biztanle zituen (munduko 8. herrialde jedeztatuena), hau da, 338,8 bizt./km2 zen dentsitatea. Biztanleen erdiak Tokioko, Osakako eta Nagoyako erdialdetik 50 km baino gutxiagora bizi dira (30 milioi, 16 milioi eta 9 milioi hurrenez hurren), “Tokaïdoko megapolisa” deitzen zaion eremuan. Azken urteotan Tokaïdoko megapolisa hazi egin da Fukuoka eta Sendai aldera, eta, hala, “Ozeano Bareko megapolisa” osatu da, japoniar biztanleen % 75 eta NPGren % 90 hartzen dituena. Desoreka handia da, beraz, megapolisaren eta Honshuko ipar-mendebaldeko eta orobat beste uharteetako (Shikoku, Kyushu eta Hokkaido) eremu marginalen artean. Desoreka hori gainditzeko ahaleginak egin diren arren (industria astuna barreiatu, teknologia aurreratuko egitasmoak prestatu: hiri inteligenteak…), ez da gauza handirik lortu. Megapolisean han-hemen diren zuloak estali dira batez ere, eta ingurunerantz zabaltzea erraztu. ■ Elikadurari esker batez ere, japoniarren bizi itxaropena munduko garaiena zen 1998. urtean: 76 urtekoa gizonezkoena, 82 urtekoa emakumezkoena. Jaiotza kopuruak behera egin du, eta, beste muturrean, biztanleria asko ari da zahartzen. 2025. urtean, Japonia izan daiteke munduko herririk zaharrena, biztanleen % 27 izango baita 65 urtetik gorakoa. Bilakaera horrek eragin larriak izan ditzake nazioaren ekonomian eta jardunean oro har, eta immigrazioari buruzko eztabaida piztu du. v Hizkuntza. Japoniera da Japoniako hizkuntza ofizial bakarra. Bertako bazter guztietan hitz egiten da eta dialekto eta azpidialekto ugari ditu. Japoniera estandar edo batuak Tokio aldeko dialektoa du oinarri. ■ Ekonomia. Japoniako ekonomia oso indartsua da, nahiz eta berezko baliabideetan herri pobrea izan. Neurri txikikoa izanik, 1945eko porrotak oso kaltetuta gelditu baitzen, baliabide askotan atzerriaren mendeko (petrolio ia guztia inportatu behar du, ikatza eta metal gehienak, elikagaien % 60), munduko bigarren herrialderik aberatsena da gaur egun, Estatu Batuen atzetik; planetako NPGren % 15 japoniarra da gaur eta 1960. urtean % 4 baino ez zen. 1955-1973 urteetan gertatu zen “japoniar miraria”: batez besteko urteko hazkunde tasa % 10etik gorakoa zen; handik aurrera hedatu zen kanpora Japoniako ekonomia. Japoniak usadiozko industrietan leku garrantzitsua betetzen du (munduko aurrenekoa auto eta itsasontzigintzan, bigarrena burdin eta kimikagintzan, hirugarrena ehungintzan), eta orobat teknologia modernokoetan (elektronika, errobotika, material berriak), eta lehiakiderik ez du eremu jakin batzuetan, ikus-entzutekoetan adibidez. Arrakasta horren oinarrian, batetik, gizarte kohesio handia dago (etnia homogeneotasuna, hierarkia hertsien errespetua, lanaren gurtza), eta, beste aldetik, enpresen antolamendua: banku eta industria talde izugarriak eratzen dituzte, eta enpresa txiki eta ertainak ere sare zabaletan daude antolatuak, handientzat lan egin eta krisia bada egoera arintzen dutenak. ■ Industria eta hirugarren sektorea izanik Japoniako ekonomiaren esparru nagusiak; nekazaritza bazterrekoa jarduera da; NPGren % 4 da eta langileen % 8 hartzen ditu; nekazarien % 80k, gainera, beste enpleguren bat du. Eremu estuak lantzen dira (lurralde osoaren % 15), oso ustiagune txikietan, urbanizazioaren mehatxupean beti: nekazaritzak lurren % 1 galtzen du urtero. Oso nekazaritza intentsiboa da eta estatuaren diru laguntza handiak ditu, barne merkatua babestua duen arrozgintzak bereziki. Arrantza eta akuikultura (1995ean, munduko 4.a), elikaduraren funtsezko oinarriak dira, baina, guztira, elikagaiei dagokienez, Japonia da munduko lehen inportatzailea. Industria ekoizpena oso zabala da, eta erabiltzen dituen metodoak eredu dira mundu osoan; japoniar esportazioen % 95 baino gehiago da. Ia osorik atzerriaren mendeko da lehengaietan, baina elektrizitate ekoizpena ugaria da (munduko hirugarrena 1995ean), eta garraiobideak bikainak dira: errepide eta burdinbide sareak oso modernoak dira, eta portuen gaitasuna munduko garrantzitsuenetakoa eta eraginkorrenetakoa da. Gero eta gehiago, Japoniak garapen bidean diren herrietara eramaten ditu industria kutsagarriak edota prestakuntza gutxiko langile asko behar dituztenak, eta Ipar Ameriketara eta Europara herri garatuen merkatuetara hobekien egokitzen diren ekoizpenak (automobilak, magnetoskopioak, bideoak); bertan geratzen dira, beraz, teknologia garatueneko industriak, balio erantsi handia duten ekoizpenak eta ikerketa. Hirugarren sektoreko jarduerak, azkenik, oso garrantzitsuak dira gaur: 10 biztanletik 6 enplegatzen ditu sektore horrek, eta, banaketa eta zerbitzuen alor klasikoen aldamenean, munta handikoak dira gaur komunikazio, aisialdi eta kultura jarduerak. Ozeano Barearen aldeko hiru guneetan –Kanto (Tokyo), Kansaï (Osaka-Kobe) eta Chukyo-Tokaï (Nagoya)–, biltzen dira Japoniako biztanleen % 50 eta ekonomia jarduera eta azpiegitura nagusiak. Kopuru handiegia izanik, arazoak latza dirak; 1950az gero egitarau bereziak aplikatu badira ere eskualdeen arteko oreka hobetzeko, ezer gutxi lortu da. “Ifrenzuko” Japonian (iparraldekoa eta mendebaldekoa), behin-behineko konponbideak baino ez dira egin. ■ Lehen mailako potentzia ekonomikotzat aitortua delarik, eginkizun militarrak sendotu ditu eta pisu diplomatikoa areagotu du Japoniak. 1995ean gorabehera handiak izan dira, ondorio ekonomikoak eta baita psikologikoak ere izan dituztenak: Kobeko lurrikara, gas pozoitsuaz metroan egindako atentatua, yenaren goraldia. Aldi berean, lehia gogorrean dihardu gainerako potentziekin. ■ 1997. urtean, “asiar krisia” deitu denak, gogor eragin zion Japoniako ekonomiari. Japoniak inguruko herrialdeetara egiten zituen esportazioek behera egin zuten, hain zuzen ere defizit publikoa onbideratzeko gobernuak zergak jaso berriak zituenean. Eskariaren bat-bateko beherakadak arazoak sortu zituen banku sektorean, eta orobat ekarri zuen mailegu krisi bat, egoera areago larritu zuena. Orduz geroztik, diru merkerko politika eta gastu publikoko egitarau izugarriak abian jarri ziren arren, azken urteetan atzera egin du japoniar ekonomiak. 2.000. urtearen erdialdean, atzeraldia gainditzen hasi ote den lehen seinaleak agertu dira. ■ Kultura eta artea. Indonesian era askotako kultura moldeak daude. Hiru sail nagusi bereizten dira: antzinako Malaysiar kultura Sumatran eta Borneon; tradiziozkoa, hindu kulturaren eragin handikoa, Javan eta Balin; eta aurreko bi horietan oinarri hartuta sortu den zibilizazio modernoa. Aipatzekoak dira antzinako kulturen monumentuak eta eskulturak, tradizioaren ezaugarri diren itzal jokoak, panpinen eta gizonen antzerkiak. Indonesiako literaturari dagokionez aipatzekoa da aitzindaritzat hartzen den Abdalá ibn Abdel Kader Munchi idazle arabiarra eta haren jarraitzaile eta literatura modernoaren sortzaile izan diren Maha Rusli eleberrigilea eta Mohamen Yamin poeta sinbolista. Indonesiako musika metalezko perkusio tresnez jotzen da. Baliko dantzak mundu osoan ezagunak dira. ■ Historia. Neolito Aroan, K.a. 4.000 urtetik aurrera gutxi gorabehera, hasi ziren lehen txinar herriak Indonesiara joaten, eta Brontze Aroan heldu ziren Malaysiako, Indotxinako iparraldeko eta Txinako hegoaldeko etniak. Orain dela 2.000 urte inguru hasi ziren Txinaren eta Indonesiaren arteko merkataritza harremanak. Bestalde, K.o. II. mendetik aurrera Indiako erreinuak hasi ziren hedatzen Indonesian, eta haien erlijioak eta kulturak eragin handia izan zuten bertako herritarrengan; bortxarik batere gabe zabaldu zen gainera Indiako kulturaren eragina, XIV. mendea arte indartsu, eta motelxeago handik aurrera. IX-XIII. bitarteko mendeetan Malaysiako Srivijaya inperioa hedatu zen Malaysiako penintsulan, Javako mendebalean eta Sumatran, eta Indiako Ozeanoko zati handi bateko salerosketa eta itsasketa bere mende izan zituen. XII. mendearen bukaeran, berriz, Javako Majapahit inperioa hedatu zen, XV. mendea bitartean Indonesiako inperiorik oparoena bilakatu zena. Indiako salerosleen bidez, 1100 eta 1300 bitarteko urteetan, islam erlijioa zabalduz joan zen Indonesiako uharte gehienetera; Bali uhartean, ordea, hinduismoak edo brahmanismoak iraun zuen. Europarrak XVI. mendean iritsi ziren Indonesiara espezieen salerosketak erakarrita. Portugesek (1511) Malaka, Timor eta Moluka uharteak menderatu zituzten eta musulmanen aurka borrokatu ziren Sumatran. 1596an hasi ziren Holandaren eta Indonesiaren arteko merkataritza harremanak; 1602an sortu zen Ekialdeko Indietako Konpainia eta borroka latzen ondoren portzugesak kanpora egotzi zituzten. Konpainia nagusi izan zen Indonesian 200 urteetan, harik eta, 1799an, metropoliak kolonia gobernatzeko ardura hartu zuen arte. Holandarrak XX. mendearen erdialdea arte egon ziren Indonesian, eta tarte horretan behin baino gehiagotan aurre egin behar izan zieten hangoen matxinadei (Diponegoro printzearenari, adibidez, 1825-30). Lehen Mundu Gerraren ondoren sortu ziren independentziaren aldeko lehen higikundeak: Indonesiako Alderdi Komunista (1920), eta Achmed Sukarno-ren gidaritzapean zegoen Indonesiako Alderdi Nazionalista (1927). Bigarren Mundu Gerran japoniarrek hartu zuten Indonesia eta gerra amaitu bezain laster, 1945eko abuztuaren 17an, Sukarno-k eta Mohamed Hatta-k independentzia eskatu zuten; abendurako lehendakari eta lehendakariorde ziren, hurrenez hurren. Holandarrak Indonesia berreskuratzen ahalegindu ziren harik eta, 1949an, Indonesiako Estatu Batuen independentzia onartu zuten arte. 1950ean egitura federala deuseztatu zen, eta errepublika bilakatu zen Indonesia. 1965eko estatu kolpearen ondotik Suharto jeneralak hartu zuen aginpidea eta 1967an lehendakari izendatu zuten. Suhartok komunisten kontrako erasoa bultzatu zuen eta 500 mila pertsona inguru hil ziren hark kargua hartu ondorengo hilabeteetan. Bestalde Irian Jaya (Ginea Berriko mendebala) eta Timor uharteko zati portugesa bereganatu zituen hango biztanleen gogoz kontra; NBEk autodeterminaziorako eskubidea eskatu izanagatik hangoen autonomia nahiak indarrez zapaldu izan dira beti. 1980. urtetik aurrera gobernua bere ideologia (pantjasila deitua) ezartzen eta bizitzaren esparru guztietara zabaltzen ahalegindu da: “teismoa, nazionalismoa, demokrazia, nazioarteko elkartasuna eta gizarteko justizia”. v Historia. Japonian Paleolito Aroko tresneria aurkitu da (K.a. 30000-10000), baina ez da bertako giza bizigune zaharrenaren data zehazteko adina aztarnarik oraino aurkitu. Japoniako tradizioaren arabera K.a. VI. mendean sortua bide da Japoniako erresuma (Jimmu lehen enperadore japoniarra), baina lehen historiako datak K.o. V. mendearen hasierakoak dira (Yamato printzearen ondoko gortea). Erresuma hori indartsua izan zen eta bere mendean eduki zituen Korea aldeko lurralde batzuk, baina gainbehera egin zuen VI. mendearen erdialdean. Garai haietan sartu zen budismoa Japonian Korean zehar. Berebiziko eragina izan zuen Japonian hurrengo mendeetan Txinako kulturak eta garai haietan hartu zuten japoniarrek txinatarren idazkera japonieraz idazteko. IX. mendean, ordea, hasi ziren Japoniaren eta kontinentearen arteko harremanak murrizten eta bide berezitik jo zuten aurrerantzean kanpotik hartutako kultura molde berriek. Politika alorrean gero eta ahalmen handiagoa hartu zuen familia aristokratikoek enperadorearen aurrean, eta hauetako bat, Fujiwara izenekoa, nagusitu zen XI. mendean. Garai bertsuan sortu ziren halaber Japoniako eskualdeetan samurai deituriko klase militarrak; berebiziko garrantzia izan zuten kasta militar horiek Japoniako historian. 1192. urtean, Japoniako lehen shogun-aldia (shogun “diktadore edo buruzagi militarra”) edo gobernu militarra ezarri zuen Minamoto Yoritomo samuraiak Kamakura-ko hirian, aristokrazia zaharra baztertu ondoren. Zutik iraun zuen gobernu mota honek 1867. urtea arte. Inbasio batzuk bideratu zituzten mongoliarrek Japonian Korean barrena, Kamakurako shogun-aldiaren garaian (1192-1333), baina mongoliarren inbasioak Kamikaze (“jainkozko haizea”) izeneko tifoiek 1274 eta 1281 urteetan galarazi zituzten. Hala ere, Kamakurako shogun-aldiaren azkena ekarri zuten inbasio hauei aurre egiteko egin zituzten prestakuntza militarrek, oso garestiak izan baitziren. Ashikaga shogunen agintaldia etorri zen ondoren (Muromatxi garaia, 1338-1573). Bi mende luze horietan guztiz areagotu ziren familia ahaltsuen arteko gerrak eta enperadore bat baino gehiago izan zen zenbait unetan. Oda Nobunagak (1534-1584) ekin zion berriro estatuaren batasunari eta Toyotami Hideyoshi daimyo edo jaun feudal handiak lortu zuen helburua 1590ean. Bakea, nolanahi ere, Hideyoshi hil ondoren etorri zen, Tokugawa Iyeasu haren ondorengoak jaun feudal txikien armada Sekigahara-ko guduan menderatu ondoren (1600). Tokugawa shogunaldiaren garaian (1603-1867), bere baitara bildu zen berriro Japonia eta kanpotik zetorren ororen aurkako kanpaina bati ekin zioten bertako agintariek hasieratik. 1549. urtean hil zuten Japonian Frantzisko Xabierkoa elizgizon euskalduna, eta ondotik kristauen esetsaldia hasi zen. Europar guztiak kanporatzeko agindua eman zuten (Nagasakiko merkatari holandarrak izan ezik) eta zehatz debekatu zitzaien japoniarrei atzerrira bidaiatzea. Gerrarik ez zen izan luzaroan Japonian, estutik lotu baitzuen gobernuak mugitzen zen oro. Japoniako kultura tradizionalak berebiziko aurrerakuntza egin zuen mende horietan eta gizarte mailan lehengo berean iraun zuten aurreko mendeetako moldeek. XIX. mendean, gizarteko sektore batzuk gainbehera etorritako samurai zaharren mailara igoak ziren. Merkatariak batez ere hasi ziren merkatu mugen aurkako lehian eta Tokugawa shogun-ek Estatu Batuetako eta Britainia Handiko merkatariei sarrera egin behar izan zieten; era horretan guztiz arraildu ziren sistema zaharreko egiturak. 1868. urtean indarberritu zen inperioaren ahalmena Meiji enperadorearen eskutik eta bazterrean gelditu ziren prozesu honetan antzinako kasta militarrak. Aginpidea Japoniako hego-mendebaleko genro edo estatu-gizon gazte batzuengan geratu zen eta horiek ekin zioten Japoniako modernizazioari, Europa Mendebalean eta, batez ere, Estatu Batuetan ikusi eta ikasitakoaren ildoan. 1889. urtean onartu zen Japonia modernoko lehen konstituzioa eta politika inperialista bati ekin zion Japoniak hurrengo urteetan; Txinaren aurkako gerra (1894-1895), Errusiaren aurkako gerra (1904-1905), Korea beretzea (1909). Txinako inperioko lurraldeen gaineko politika inperialistak ez zuen etenik izan XX. mendeko lehen hamarkadetan eta 1930. urtetik aurrerako urteetan gorpuztu zen Japoniaren asmo inperialisten aldeko egitura militarra, 1929aren ondoko ekonomia krisi sakonak Sartaldeko estatu nagusietara ekarri zuen ahulaldiaz baliatuta. 1931. urtean japoniarrak Mantxuriaz jabetu ziren eta Mantxukuo izena ezarri zioten. 1936an agintari japoniarrek Tokio-Berlin ardatza hitzartu zuten alemaniar naziekin. 1941ean eraso zien Japoniako aire armadak Pearl Harbor-ko basean (Oahu uhartea, Hawai, 1941eko abenduaren 7an) zeuden Estatu Batuetako gerraontziei eta ondoren guztiz jabetu ziren Europako inperio zaharrek Asiako hego-ekialdean zituzten koloniez. Hasierako garaipenen ondoren, fronte egonkorra gauzatu zen Asiako eremu horretan eta arian-arian hasi ziren 1943. urte bukaeratik aurrera Estatu Batuetako eta estatu aliatuetako osteak nagusitzen. 1945eko abuztuan, atomo bonbak jaurti zituzten Estatu Batuek Hiroshima eta Nagasaki hirien gainera eta guztiz suntsitu zituzten bi hiriak. Berehala etsi zuten japoniarrek. 1947an amaitu zen Estatu Batuen okupazioa Japonian (nolanahi ere, 1952. urtea arte egon ziren nagusi Estatu Batuak Japonian), konstituzio berria onartu ondoren, hain zuzen. Teknologia bide berriei ekin zieten lur jota zegoen nazioa berregiterakoan eta, potentzia kapitalistei oso loturik betiere, industria nazio boteretsu berri bat sortu zen, Asia guztira zabaltzeko arriskua zuten Txinako eta Sobiet Batasuneko errepublika komunistei buruz buru. 1970. urtetik aurrerako urteetan neurri handi batean oztopatu zuten petrolioaren prezioaren gorabeherek Japoniako ekonomiaren hazkunde izugarria, baina teknologian erakutsitako nagusigoari esker munduko ekonomia potentzia handienetakoa da gaurko Japonia, lehengaiei dagokienez lurralde pobrea den arren. 1989an, Hirohito enperadorea hil zenean, amaitu zen Showa aroa (“Bake argitsua”); haren seme Akihito izan zuen ondorengoa, eta harekin hasi zen Heisei aroa (“Bakearen konplimendua”). 1990etik aurrera, bost urteko espekulazioen ondoren, burtsa krisian sartu zenean, ekonomia krisi zabal batean murgildu zen Japonia, eta eskandalu asko sortu zen. Herritarrek erreforma politikoa eskatzen zuten (moralizazioa, deszentralizazioa, hauteskundeen erreforma), eta burokraziaren ahalmenen murrizketa. Kaifu Toshiki (1990-1992) eta Miyazawa Kiichi (1992-1993) estatuburuek ez zuten halako berrikuntzarik egitea lortu. Alderdi sozialistak atera zion egoera horri etekina, eta Alderdi Liberal Demokrata, kontserbadorea, urteetan Japonian nagusia izana (LDP), garaitu zuen 1989ko senaturako hauteskundeetan. 1992an ordea, alderdi kontserbadore berri bat sortu zen, Japoniako Alderdi Berria. LDP banatu egin zen: 1993ko ekainean, eskuineko hamar diputatuk Berrikuntzarako Alderdia sortu zuten, eta beste hamarrek Alderdi Aitzindaria, zentro-ezkerrekoa. Miyazawak Ganbera desegin zuen. Uztaileko hauteskundeetan, LDP-k, botoen % 39,5 izan arren, ez zuen gehiengoa lortu. Hiru alderdi kontserbadore berrien artean botoen % 22,5 lortu zuten. Sozialistek oso emaitza txarrak izan zituzten, eta sei alderdik eratutako koalizio bat (horien artean, hiru berriak), osatu zen LDP-aren kontra, Hosokawa zela Lehen Ministro. Koalizio horrek erreforma saio batzuk egin zituen, baina 1994ko apirilean desegin zen. 1996ko urtarrilean, LDP-k Lehen Ministroaren postua berreskuratu zuen (Hashimoto Ryutarorekin); oposizioa berregituratu egin zen, bai eskuinaren aldetik (alderdi berri bat sortu zen, Aurreramenduarena, zenbait alderdi elkartuta), bai zentro ezkerrean, eta Alderdi Demokrata sortu zen. 1996ko urriko hauteskundeetan ordea, alderdi berriek ez zuten emaitza onik izan, eta berriz ere LDP izan zen garaile, bakarrik gobernatzeko moduan. 1998an ordea alderdi horrek galera handiak izan zituen senatuko hauteskundeetan, Hashimotoren dimisioa ekarri zutenak (1998ko uztaila). Obuchi Keizo-k hartu zuen haren lekua, bai LDP alderdiaren buruzagitzan, bai Lehen Ministro gisa. Urte horretan bertan, Komeito alderdia, hauteskunde estrategia zela-eta 1994an bitan banatu zena, berriz batu zen, izen zaharra berreskuratu eta Japoniako bigarren alderdi bihurtu zen. Komeito aginteko alderdira inguratu zen, eta orobat egin zuen Ozawaren Alderdi Liberalak; era horretan, LDP alderdia –eta gobernua– sendotu egin zen, batez ere eskuinaren aldetik. ■ Urte horietan, ekonomiak gainbehera handia egin zuen, eta horrek areagotu egin zuen agintariekiko konfiantza falta, 1995eko gertaeren ondorioz aski larria zena. Abstentzioa oso handia izan zen (% 40,3koa1996an), eta orobat protestak, alderdi komunistaren aldeko botoetan gauzatu zirenak (botoen % 7,7 1993an, % 13 1996an). Hiritarren etsipena beste modu askotan ere azaldu zen: administrazioaren kontrako prozesuak, zentral nuklearren eta base amerikarren kontrako erreferendumak (Okinawa, 1996). Japonia bidegurutze batean dago gaur: eredu ekonomikoa aldatu beharra dago, gizarte konpromisoa berriz negoziatu, politika eta administrazio sistemak berriztatu, etab.
http://www.kantei.go.jp/foreign/index-e.html