Jandl, Ernst
Austriar idazlea (Viena, 1925 - Viena, 2000). Filologia alemana eta ingelesa ikasi zituen Vienan, eta ingelesezko irakasle izan zen erretiratu arte. 1991n Erich Fried Nazioarteko Elkartearen Ordezkari izendatu zuten, eta 1993an literaturako Kleist saria jaso zuen. XX. mendeko egile esperimental garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Jandlek bere Sprechgedichte-ei (“Poema hiztunei”) zor die ospe hori, poema horien testuetan edukiak eta formak adina garrantzi baitu soinuak. Bere poemak, beraz, XX. mendearen hasierako tradizio dadaistaren barruan daude, baina, haiek ez bezala, hitz joko umoretsuz eta satiraz beterik. Horren adibiderik onena, seguru asko, 1966an argitaraturiko Laut und Luise liburua da (Soinua eta Luisa; itzulpenak ezin du, ordea, Luise eta leise arteko hoskidetasunean oinarritzen alemanezko hitz jokoa islatu, tituluak alemanezko laut und leise, “ozen eta apal”, esapidea gogorarazten baitu). Poema liburu horrek arrakasta ikaragarria izan zuen eta 1968an disko bat grabatu zuen, Jandlen esanetan, horrelako poesiaren betetasuna iritsi zuena. Horren ondoren, beste grabaketa asko eta irratirako gidoiak egin zituen, bitarteko hori ere Jandlen literaturaren kontzepturako oso egokia baitzen. Antzerkia ere idatzi du, esate baterako aktorerik gabe antzezteko egin zuen Der Raum, szenisches Gedicht für Beleuchter und Tontechniker (1970, Espazioa, argitzaileentzat eta soinu teknikarientzat poema eszenikoa). Aus der Fremde (1980, Atzerritik) operak arrakasta handia izan zuen; bertan idazle batek bere burua torturatzen du zazpi agerralditan hitz bakar bat ere paperean jartzeko gai ez delako. Poesia esperimentalaren irakurle kopurua zabaltzea izan da Jandlen merezimendurik handiena.