Janeway, Eliot
Estatubatuar ekonomista (New York, 1913 - New York, 1993). Estatu Batuetako ekonomista politiko garrantzitsuenetako bat. Presio politikoak ekonomiaren eta merkatuaren joerak baldintzatzen dituelako teoria polemiko eta probokatzailea proposatu zuen eta “Calamity Janeway” goitizena eman zioten Wall Streeten, burtsa merkatuaren porrotaren aurreikuspen goibelak egiten zituelako etengabe. Ekonomia eta politika ikasketak egin zituen. The Nation aldizkarian 1937-1938ko berehalako krisialdia aurreikusiz eta konponbideak eskainiz zenbait artikulu idatzi ondoren, eragin handia izan zuen Franklin D. Roosevelten politikagintzan. Politikoki independentea izanik, Franklin D. Rooseveltekin hasi eta Ronald Reagan bitarteko politika ekonomiko guztiak kritikatu zituen, liburuetan eta Chicago Tribune-New York News Sindicate-rako idazten zituen artikuluetan. Struggle for Survival (1951, Bizirik irauteko borroka) bere lehen liburuaren ondoren, beste asko idatzi zituen inbertsore pribatuentzat: What Shall I Do With My Money? (1970, Zer egingo dut nire diruarekin?), You and Your Money (1972, Zu eta zeure dirua), eta, gobernuaren politika aztertuz, Prescriptions for Prosperity (1983, Aberastasuna sortzeko arauak) eta The Economics of Chaos (1983, Kaosaren ekonomia).