Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

jabetza

iz. Sin. jabego, jabetasun. Jabe garen gauzaz dugun eskubidea.  v  Zuz. Jabea duen gauza oro. Ondasunak erabiltzeko eta haiez baliatzeko eskubidea da jabetza. Ondasuna ukigarria izan daiteke (lurra adibidez), edo ukiezina (patentea edo liburuak argitaratzeko eskubidea). Jabetzak, bai ohituraren eta baita legearen arabera ere, balioa duten gauzen jabe izatea dakar, eta hori dela eta, gainerantzekoek ez dituzten eskubideak, erantzukizunak eta mugak izaten ditu jabeak gauza horri buruz. Erromatarren garaian dominium izeneko legeak jabetza gizabanakoen eskubide gisa finkatu zuen, eta gerora ere lege hori bera erabili da jabetza definitzeko, lekuan lekuko lege berriek eskubide horri mugak jarri dizkioten arren.  v  Jabetza pribatua. Pertsona baten eskuetan dagoen ondasuna.  v  Jabetza publikoa. Erakunde publiko baten eskuetan dagoen ondasuna.  v  Jabetza erreala eta pertsonala. Sistema gehienetako zuzenbide zibilean eta zuzenbide orokorrean egiten den bereizketa. Jabetza higiezinari (lurra eta eraikuntza mugiezinak) jabetza erreala esaten zaio, eta higikorrari (ondasunak eta abereak) jabetza pertsonala. Jabetza eskubidearen mugak desberdinak izaten dira herrialde batetik bestera, baina ia denetan administrazioak lurraren jabetza kentzeko legezko eskubidea du, gizartearen onerako denean.  v  Jabetza eratorria eta jatorrizkoa. Jabetza lortzeko bi modu izaten dira: ondasuna pertsona batengandik beste batengana igarotzea da bat, hots, jabetza eratorria izatea, eta ondasuna norengandik datorren jakiten ez denean sortzen dena bestea. Lehenengo jabetza mota erdiesteko modurik erabiliena zerbait erostea da, hots, ondasuna diru truke jabez aldatzea. Ondasuna norbaiti ematea da bestea, eta oinordekotza da mota horretako kasurik ezagunena. Bestalde, jatorrizko jabetzaren barrukoak dira adibidez lurrak ematen dituen fruituak edo etxe batean egiten diren berrikuntzak, eta mota horri eskuratze edo eranste esaten zaio. Ondasuna hartzea ere transmisiorik gabeko jabetza da, eta lehenagoko jabea ezagutzen ez denean egiten da. Ondasun bat urte askotan erabiltzeagatik ere, batzuetan jabetza lortzen da zuzenbide zibilaren arabera. Bestalde, administrazioak abantailak edo eskubide bereziak ematen ditu bere esku dauden ondasun batzuk hiritarrek erabil ditzaten (meak, argi indarra, ibaietako ura…). Jabetza mota honen barruan dago administrazioak norbaiti zerbait asmatu duelako ematen dion patentea edo eskubidea, eta baita ere lurraren jabetza kentzea, errepideak egiteko edo beste zereginetarako lur hori behar badu.