Izu garaia
Frantses Iraultzako aldi bati ematen zaion izena. 1792ko abuztuaren 10ean aldarrikaturiko iraultzaren ondoren, Auzitegi berezia eratu zen Parisko Komunaren eraginez. Auzitegi honek susmagarrien epaiketak prestatu eta iraileko hilketak agindu zituen (“Lehen Izua” deiturikoa). Erregearen bizitza salbatu nahirik aritu ziren girondarrak Konbentziotik kanpo egotzi ondoren (1793ko ekainak 2), iraultzak beste oztopo asko izan zituen: Europako estatuek haren aurka eraturiko armada, barneko kontrairaultza (federalisten altxamenduak, Vendéeko gerra, Chouannerie) eta ekonomia eta finantzen egoera larria. Horrek guztiak herri mugimendu erradikalaren (“sans culottes”) gorakada eragin zuen eta berauek 1793ko irailaren 4 eta 5ean egindako ondorioz, Robespierre buru zuten “menditarrek” Iraultza bultzatzeko neurri funtsezkoak hartu zituzten. Salbamendu Publikorako Batzordeak eta Segurantzarakoak kudeaturiko “Bigarren Izu” honetan, berdintasun soziala helburu zuten lege ekonomikoekin batera, kontrairaultzaileen aurkako errepresioa hedatu zen Frantzia osora (Parisko Auzitegi Iraultzailea, Departamentuetako Auzitegi Kriminalak, Batzorde Militarrak). Gizarte maila guztietatik auzipetu zuten jendea: nobleak, apaizak, militarrak, erregeren aldekoak, espekuladoreak, ondasun biltzaileak. Guztitara, 17.000 pertsonak galdu zuten bizia auzien ondorioz eta 25.000 inguruk auzirik gabe (altxatuak, legez kanpokoak, Frantziara itzulitako erbesteratuak). Aurreneko oldarrean girondarren buruzagiak eta Maria Antonieta erori ziren (1793ko urrian). Gero, armada iraultzaileen garaipenak zirela eta, heriotz zigorrak urritu ziren baina 1794ko udaberrian berriro abiatu ziren, aginpideari eusteko bitarteko gisa oraingoan (Héberten jarraitzaileak, Dantonen aldekoak). 1794ko maiatzean departamenduetako auzitegiak kendu eta auzi guztiak Parisko auzitegira igarotzearekin batera “Izu Handia” deiturikoa abiarazi zen; auzipetuen garantiak ezabatu ziren (ekaina) eta 1794ko uztailaren 27 bitartean 1.300 pertsona baino gehiago gillotinatu zituzten. Data hartan, Izuaren antolatzaile batzuek moderatuekin elkarturik Robespierre eta bere jarraitzaileak (Couthon, Saint Juste) aginpidetik kanpora egotzi zituzten; Thermidoreko Konbentzioak amaiera eman zion Izu garaiari Robespierre eta bere lagunak hilaraziz.