Iztueta Etxeberria, Joan Ignazio
Gipuzkoar idazle eta poligrafoa (Zaldibia, 1767 - Zaldibia, 1845). Ez zaio ezagutzen Iztuetari goi mailako ikasketarik. Berak esaten du, gainera «gizon lego eskolatu bageko jakin-ez bat» zela; hala ere, idazkietan jakintza maila nahiko handia erakusten du. Hogeita hiru urte zituela ezkondu zen lehen aldiz, Joaquina Linzoain urnietarrarekin. Handik hamabi urtera alargundu zen. Zergatiak garbi agertzen ez badira ere, kartzelan egon zen 1801-1807 urte bitartean, agidanez lapurketa bategatik edo, beste zenbaiten ustetan, haur hiltze batean laguntzaile izateagatik. Ezaguna dena da Kontxesi Bengoetxea ezagutu zuela han, hura bi haur hiltzeagatik kondenatua, eta harekin maiteminduta, 1808an ezkondu zela. Kartzela garaikoa da Kontxesiri izeneko bertso saila, gerora entzute handikoa izan zena. Frantsesen kontrako gerran frantziarren aldeko jarrera izan zuen, frantsestu gisa, eta ogasun alorrean karguren bat izan zuen Donostian. 1815az gero, eta aurreko garai ilun haien ondoren, Donostian izan zen Iztueta literatura lanetara emana. Donostiako udaletxeak agindu zion bil zitzala ahal zituen dantza eta dantzarako musika gehienak, artxiboetan gordetzeko eta gazteei erakusteko. Lan horren ondorioz argitaratu zuen Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia beren soñu zar, eta itz neurtu edo versoaquin. Baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruccioac ere… liburua (1824). Horregatik hartzen da Iztueta lehen folkloristatzat. Bigarren aldiz alargundu eta 1828an hirugarrenez ezkondu zen, Asunción Urruzola zizurkildarrarekin. Donostiako Lur Ateko zaindaria izan zen garai hartan, eta kartzelako alkaide ere izan zen. Bere lanetan euskararen alde eta dantzen alde jardun zuen, orduko dantzen kontra aritzen ziren apaizekin eztabaidan sartuta. Horren lekuko da Juan Jose Mogeli idazten dion gutuna, Frai Bartolome Santa Teresaren kontra: Carta eguiten diona D. Juan Ignacio Iztuetac apez D. Juan Jose Mogueli, aita beacurtsu fraile Santa Teresacoac Plauto euskaldunaren icenarequin izquidatu duen obrachoaren gañean. Ceña arguitaratu duen Moguel berac (1829). Bizitzako azken urteak Zaldibian pasa zituen, gazteei dantzak irakasten eta bere lanik garrantzitsuena, Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia (hil ondoren, 1847an, argitara emana), idazten. Liburua bi zatitan banatuta dago: lehen zatian orduko Gipuzkoako ohiturak, bizimodua, animaliak, landareak, ibaiak eta abar deskribatzen ditu; eta bigarrenean, berriz, Zaldibiako Batxillerraren Suma-ri jarraituz, eta Zamacolaren Historia de las naciones vascas plagiatuz, gipuzkoarren gudu eta gatazken kontaketa bat eginten du. v Jose Garmendia Arruabarrenak Iztuetaren olerkiak eta lan ezezagunak bildu eta argitara eman zituen bi liburukitan (lehena 1968an eta bigarrena 1978an). Jesus Elosegik 1969an Juan Ignacio de Iztueta Echeberria (1767-1845) izeneko biografia jakingarria idatzi zuen.
- iztarte
- izter
- izterbegi
- Iztueta Armendaritz, Paulo
- Iztueta Azkue, Anjeles
- Iztueta Etxeberria, Joan Ignazio
- Iztueta Kortajarena, Joxe Migel
- iztupa
- Izu garaia
- izu
- Izu