Iturralde Uria, Joxemari
(“Jimu”) Gipuzkoar idazlea (1951, Tolosa). Tolosako Batxilergoko Institutuko katedraduna da Euskal Hizkuntzan eta Literaturan. 1977an, Bilbon, POTT Banda osatu zuen Bernardo Atxaga, Manu Ertzila, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandiarekin batera. Obra zabala idatzi du: eleberriak (Nafarroako artizarra, 1989; Izua hemen, 1989; Kilkirra eta roulottea, 1997, 1998ko Kritika Saria; Euliak ez dira argazkietan azaltzen, 2000), helduentzako ipuinak (Ene Isabel maiteari gutuna martxoak 10ean gaitzak jota natzan ohetik, 1982; Dudular, 1983; Pic nic zuen arbasoekin, 1985; Hamasei urte bete nuenean hiriko argiak iraungi ziren, 1986; Nora noa?, 2001), eta haur eta gazteentzako narrazioak (Ijitoak dauzkat nire etxean, 1988; Bederatzi gutun t'erdi, 1992; Filipinetan bizi den idazlearen kontuak, 1993; Lehen amodioa Suedian, 1998; Kaliforniako neskak, 2000; Risky eta bere lagunak, 2000). Itzulpen lanak ere egin ditu: Hemingway (Agurea eta itsasoa), Roald Dahl (Bakarka hegan egiten), Christine Nöstlinger (Konrad), Gianni Rodari (Makinaz idatzitako ipuinak), eta Susan H. Hinton (Kaleko legea eta Errebeldeak), besteak beste.