interes
iz. Norbaiti axola diona, onuragarri zaiona. ◊ Zerbait garrantzizkoa dela-edo uste duenarengan sortzen den jarrera. ◊ Interesgarria denaren nolakotasuna. || Korritua. v Ekon. Dirua edo kreditua erabiltzeagatik ordaintzen den zama edo prezioa, maizenik diru kopuru nagusiari buruzko ehunekoan adierazten dena; era askotako interes motak daude, maileguaren epearen eta arriskuaren arabera. Orokorki, mailegu bat zenbat eta epe laburragorako izan eta arriskua zenbat eta txikiagoa, orduan eta apalagoa izaten da ordaindu beharreko interesa. v Interes tasa. Epe mugatu batean mailegaturiko diru kopuru bategatik ordaindu behar den diru kopuru horren proportzioa. Mailegua eskatzen duenarentzat, ez duen esku-dirua erabiltzearen truke ordaindu behar duen prezioa da; eta mailegua ematen duenarentzat berriz kontsumoa geroratzearen ordez jasotzen duen saria da. v Inbertsio funtsen merkatuan, funts horien eskaria (inbertsioa) eta eskaintza (aurrezkia) berdintzen dituen prezioa da interesa. Interes tasa garaiegiak ekonomiarentzat kaltegarriak izan daitezke, kontsumitzaileentzat zein enpresentzat maileguak lortzea garestiagoa baita, eta horrek ekonomia jardueraren atzerakada sortzen baitu. Nahiz eta ekonomialariak interes tasa garai horien zergatian bat ez etorri, aurrikusiriko inflazioa, aurrekontuen defizita eta botere ekonomikoaren ekonomia politika hertsikorra aipa daitezke besteak beste. v Interesaren teoriak. Interesaren gainean teoria ugari sortu dira. Ezagunenak, denbora lehentasunaren teoria edo eskola marginalistaren teoria, eta J.M. Keynesen dirua eskura izateko lehentasunaren teoria dira. Teoria marxistaren arabera, berriz, interesa, kapitalaren antzera, kapitalistek duten indar politikoari esker langileriari kentzen dioten lanaren zatia da.