interferentzia
iz. Fis. Bi uhin edo gehiago, bata bestearen gainean jartzen direnean gertatzen den fenomenoa. v Argi interferentzia. Thomas Young-ek aztertu zituen lehen aldiz argi uhinen arteko interferentziak (1801). Bere lanetan esperimentu bidez frogatu zuen argiaren uhin izaera, baina argia korpuskulua zela uste zen garai hartan, eta Young-en teoria ez zen erabat onartu harik eta Fresnel-ek bere esperientziekin argiaren korpuskulu teoria baliogabea zela frogatu zuen arte. v Interferentzia elektrikoa. Seinale elektrikoak behar bezala hartzea galarazten duen energia elektrikoa. Hurbilegi dauden motor elektrikoek, autoa pizteko sistemek, irrati igorleek, behar bezala funtzionatzen ez duten tresna elektrikoek, atmosferako gertakariek eta abarrek sortzen dutena da. Irratietan adibidez, maiztasun berdin samarra duten uhinek sortua izaten da, eta burrunba moduan entzuten da. Interferentziak ustegabekoak izan daitezke, eta hori dela eta, maiztasun bandak mugatzea eta emisora berriak jartzeko baimenak nazioarteko legeen bidez arautzen dira. v Hots interferentzia. Hotsa sortzen duen tresnatik datozen uhinak eta areto bateko paretak islatzen dituztenak entzulearen belarrietan elkartzean gertatzen da. Bi uhin mota horiek ez badute maiztasun bera hotsak nahasten dira belarrian eta ondo entzutea galarazten dute. v Interferentzia meteorologikoa. Erauntsia sortzen duten bi aire-lasterrek topo egiten dutenean gertatzen dena. Poloetako zikloi bat eta Mediterraneoko zikloi ahul bat elkartzean gertatzen da, adibidez. Interferentzia meteorologikoek eguraldia txartu ohi dute. v Interferentzia irudia. Mineral anisotropo baten zati mehe bat mikroskopio petrografikoan behatzean eratzen den irudia. Eraztun kontzentriko koloredunez eratua izaten da; eraztun horiek gurutze beltz batek gurutzatzen ditu. Interferentzia irudi horiek argiaren interferentzia fenomenoen ondorioz eratzen dira. Interferentzia irudien azterketa meak identifikatzeko erabiltzen den metodo optiko egokienetako bat da.