interfase
iz. Kim. Materiaren bi egoera desberdinen, edo dispersio baten bi faseen arteko ukitzegunea edo muga. Faseak era askotakoak izan daitezke: 1) solido baten eta gas edo lurrun baten artekoa; 2) solido bat beste isurkari batean dispersioan; 3) isurkari baten tantak beste isurkari batean dispersioan; 4) bi solidoen artekoa. Elkar ukitzen duten bi gairen arteko interfasean indar fisikoak eta kimikoak agertzen dira; faseen artean tentsioak daudela esaten da. Tentsio horien eraginez buztinaren eta gisako solidoen aletxoak urak ez ditu bustitzen, eta olio tantatxoak ez dira nahasten urarekin. Hori dela eta, olioz zikinduta dauden arropak garbitzeko garbikariak erabiltzen dira; garbikariek uraren eta olioaren arteko interfasean sortzen diren tentsioak gutxitzen dituzte, eta era horretan ura eta olioa elkar daitezke, eta arropak garbi ditzakete. Interfaseko gertaeren azterketa koloideen kimikaren ikerketa alor garrantzitsua da. v Biol. Lehen eta bigarren zatiketa meiotikoen arteko periodoa.