Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

integrismo

iz. Muturreko joera, politika eta erlijioa batu ohi dituena; politikan ideologia kontserbadorea da, eta erlijioan guztiz garbizalea.  v  Integrismoak erlijioa hartzen du biziaren gunetzat eta haren ustetan fedea da erantzun iturri bakarra gizartearen nahiz gizabanakoaren arazo guztientzat. Hala, integrismoak ez du ontzat hartzen bizitzan eta gizartean alor desberdinak daudenik, eta erlijio buruen mendeko jartzen ditu bizitzaren alderdi guztiak; hau da, erlijioaren ikuspuntutik erantzun osoa ematen dio gizonaren eta gizartearen arazo orori.
XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran sortu zen katolikoen integrismoa. Haren ezaugarri nagusiak hauek izan ziren: Aita Santuaren aginduei mendekotasun itsua izatea; moralaren aldetik puritanismoa, eta borroka gogorra naturalismoaren, laikotasunaren, iraultzaren eta sozialismoaren kontra. Espainian karlismoaren barnean sortu zen integrismoa, baina 1888. urtean hartatik bereizi eta “Partido Católico Nacional” alderdi politiko integrista sortu zen Ramón Nocedalen eskutik. Integrismoak, hala ere, ez zuen arrakasta handirik inoiz izan, eta errepublikaren garaian integristak karlisten alderdian sartu ziren berriro. Frankismoaren garaian, zuen indar guztia galdu zuen integrismoak, diktaduraren esanetara guztiz makurtu zelako. Euskal Herrian integrista ospe handiko bat Ignacio Etxaide (1884-1962) izan zen, euskaltzainburu eta senatari izan zena.   
Integrismoa indarberritu egin ohi da erlijio krisialdietan, hots, erlijio barnean joera desberdinak sortzen direnetan; hala gertatu zen G. Lefebvre apezpiku frantsesak zisma bati ekin zionean Paulo VI.a Aita Santuaren kontra (XX. mendearen bukaera aldera).  v  Islamak betidanik uztartu ditu politika eta erlijioa; hala ere, islamiar integrismoak garrantzi berezia hartu du XX. mendearen bukaeran, Ekialde Hurbilean batez ere (Iranen, Iraken eta Libanon), eta islamaren eraginpean dauden ia estatu guztietan agertu dira indar handiz integrismo kutsuko joerak.  v  Pol. Espainiako estatuan, 1888. urtean karlismotik bereizi zen politika mugimendu eskuindarra. Ramón Nocedal politikaria izan zuen buru estatu mailan eta garrantzia izan zuen Hego Euskal Herrian, Gipuzkoan eta Nafarroan batez ere. Bereizketa hartan arazo pertsonalek zer esan handia izan zuten arren, ideologia eta politika mailako faktore batzuek ere izan zuten bere eragina, integristek ez baitzituzten inola ere onartu karlisten arteko zenbait buruzagik liberalen aldera abiarazi nahi izan zituzten harremanak. Oro har, integrismoak ez zuen sekula karlistek herri mailan lortu zuten oihartzun handia izan, baina berebiziko eragina izan zuen eliz jendeen artean, Felix Sardà i Salvany elizgizon kataluniarrak argitara eman zituen idazki sukarren ildoan (apaiz honek 1884. urtean idatzi zuen Liberalkeria bekatua da liburuaren zenbait bertsio egin zen ondoko urteetan euskaraz), eta, Dios y Patria (Jaungoikoa eta Aberria) lemapean, garaipen handiak erdietsi zituen hauteskundeetan, nekazari giroko eremu guztiz katolikoetan bereziki. 1897. urtean bitan banatu ziren Gipuzkoako integristak, Ignacio de Lardizabal eta Aniceto Rezola buruzagiek Sabino Aranaren integrismo abertzalerantz jo zutenean. Espainolismo gartsuan iraun zuen Juan de Olazabal y Ramery, 1909an Espainiako estatuko integristen buruzagi nagusi bihurtu zen politikari irundarrak. Integrismoak berebiziko eragina izan zuen Gipuzkoako nekazari eremuetan eta gainerako eskuin taldeetan, Sabino Aranaren ondoko mugimendu nazionalista barne. Parte hartu zuen hego Euskal Herriko autonomia estatuturako proiektuetan eta eliza katolikoarekin lotura zuzena defenditu zuen gizarteko maila eta erabaki guztietan. 1931. urtean berriro batu ziren karlismotik bereizitako adar guztiak (integristak, tradizionalistak eta jaimistak) eta Comunión Tradicionalista taldea osatu zuten. Erakunde berri honen espainolismoak eta erlijio integrismoak eragotzi zuen neurri handi batean Hego Euskal Herriko lurralde guztiak bateratuko zituen autonomia estatutuaren onarpena (1932). Ipar Euskal Herrian ere, ideologia gisa indar handia izan zuen integrismoak, euskaldunen artean bereziki. Michel Elissambururen idazki politikoetan ikus daiteke joera horren eragina, baita J. Hiriart-Urrutik eta bestek Eskualduna astekarian idatzitako artikuluetan ere. Espainiako estatuko eskuineko alderdiak bateratu zirenean (Confederación Española de Derechas Autónomas, 1933), erabat desagertu zen integrismoa politika joera gisa, baina indartsu iraun zuten ideologia integristaren irizpide nagusiek.