Indonesia
(Izen ofiziala, Indonesiako Errepublika; Indonesieraz, Republik Indonesia). Asiako hego-ekialdeko errepublika, handiena eta jendetsuena. 13.677 uhartez osatua da (Brunei, Malaysia eta Papua Ginea Berriari dagozkion zatiak izan ezik), eta Indiako Ozeanoaren eta Ozeano Barearen arteko ekuatorearen partean dago, Indotxinaren eta Filipinetako uharteen eta Australiaren artean. 1.919.317 km2 eta 245.452.739 biztanle (2007ko estimazioa, indonesiarrak). Hauek dira uharte nagusiak: Sondako uharte handiak (Sumatra, Java, Borneoko hegoaldea edo Kalimantan, Sulawesi), Sondako uharte txikiak (Bali, Lombok, Sumbawa, Flores, Timor), Moluka uharteak eta Ginea Berriko mendebaldeko zatia edo Irian Jaya. Hiriburua: Jakarta (8.000.000 biztanle inguru). Hiri nagusiak: Surabaya, Medan, Bandung, Semarang. Hizkuntza ofiziala: indonesiera. Erlijioak: musulmanak (% 86,9), kristauak (% 9,6), hinduak (% 1,9), budistak (% 1). Dirua: rupia. ■ Indonesia munduko bosgarren herrialde jendeztatuena da. Nazio pobrea da, eta bizi maila oso apala da, baliabide natural baliotsuak izan arren. Hala, baditu petrolio eta gas naturaleko hobiak (itsasokoak nahiz lehorrekoak), oso egur estimatua ematen duten baso tropikalak, eta mineral ugari, horien artean eztainua, nikela eta kobrea. Lurraren % 10 baino ezin erabili da ordea laboreak lantzeko. ■ Nazioarteko legeen arabera, uhartedi bat osatzen duten uharteen arteko urak, usadioz, ez dira nazio baten jabetzakotzat hartu. Indonesiak ordea bereak deklaratu nahi izan zituen bere uharteak. Nazio Batuek 1982an onartu zuten Itsas Hitzarmenaren Legeak uhartediko uren kontzeptua onartu zuen, Indonesiaren aldarrikapenaren alde. ■ Indonesiak 1945. urtean deklaratu zuen Herbehereekiko independentzia, 1949. urtea arte onetsi ez zitzaiona. 1975ean indonesiar soldaduak portugaldarra zen Ekialdeko Timorren sartu ziren. Hauek dira egun Indonesiaren arazo nagusiak: Nazioarteko Diru Funtsak gomendaturiko erreformak bideratzea (bereziki, bankuen sektorea berregituratzea eta berriz kapitalizatzea, kaudimengabeak baitira), herriak hautatutako gobernu baterako trantsizioa egitea, txinatar negozioburuen kontrako bidegabekeriak zuzentzea, ustelkeria ezabatzea, giza eskubideen kontrako erasoak argitu eta desagerraraztea, militarrek eta erlijioak politikan duten eragina gutxiagotzea, eta Aceh, Irian Jaya eta Ekialdeko Timorren burujabetasun desirei erantzunen bat emateak. ■ Orografia eta klima. Landareak eta animaliak. Hirugarren Aroko mendi garaiek eta 200 bat sumendik eratzen duten arkua da Indonesiako ardatza, lurrikara eta itsasikara asko izaten dituena. Sumatran eta Borneon baino ez da ordokirik. Mendi gehienak 2.000 m-tik gorakoak dira, eta Ginea Berrian daude garaienak: Puncak Jaya (5.030 m). Ekuatoreko klima du, beroa eta euritsua. Ibaiak bakanak eta laburrak dira. Kontuan hartzekoa da Sumatrako Toba aintzira (1.775 km2). Tropikoko oihanak dira nagusi Indonesian; goialdeetan hariztiak, ereinotza eta magnoliak izaten dira gehienbat. Animalien artean aipatzekoa da Komodo-ko dragoi edo suge erraldoia. Sartaldean Asiako animalia motak bizi dira eta sortaldean Australiakoak. ■ Biztanleak. Biztanleen banaketak gorabehera handiak ditu, nahiz eta azken hamarraldiotan kanpotarrak erakartzeko politika aplikatu den uhartediko ekialdeko uharte biztanle gabeetan. Javan, lurralde osoaren % 7an, biztanleen % 55 bizi dira, eta arroz soroetan munduko landaldeko dentsitaterik handiena dago, zenbaitetan 1000 bizt./km2-tik gorakoa (750 batez beste); aldiz, Irian Jayan, lurraldearen % 22 hartzen duelarik, biztanleen % 1 baino gutxiago bizi da, eta dentsitatea 3,2 bizt./km2 da. Etnia eta hizkuntza asko dago: protomalaysiarrak, malaysiarrak, melanesiarrak (Irian Jayako papuak), Celebes uharteetako negritoak; txinatarrak, bestalde, 3.500.000 inguru dira. Aspalditik aplikatu badira ere famila plagintza ofizialak, biztanleria gorantz doa (% 1,46 1999an), eta biztanleen erdiek baino gehiagok 20 urtetik behera dute. Hiriak asko handitu dira (badira milioi bat biztanletik gorako bost hiri), baina hala ere biztanleen % 68,7 landaldean bizi dira. Bizi itxaropena, 1999ko estimazioen arabera, 62,92 urtekoa da. ■ Ekonomia. Etorkizun handiko herrialdetzat hartzen da Indonesia, eta esan daiteke “dragoi berria” dela Ozeano Bareko eskualdean: hazkundea handia da, kanpoko desorekak gutxiagotu dira, atzerrira zabaldu da. Ez da ahaztu behar, ordea, Indonesia Hirugarren Munduko herrialdea denik. Biztanle/urteko errenta 980 dolar zen 1995. urtean. Nekazaritzak, oraindik, biztanle aktiboen erdia enplegatzen du. Arroza da oinarrizko elikagai eta laborea, eta “iraultza berde” delakoaren abantailak baliatu ditu (bi eta hiru uzta urtean). Javako uharteak, ikaragarri jendeztatua izanik ere, bere beharrak asetzen ditu, eta esportatu ere egiten du, urte oparoetan. Gai asko lantzen da: kafea, tea, azukre kanabera, tabakoa, kopra, kakahueteak, esentziazko olioak, bizigarriak. Basoa lehen mailako baliabide iturria da, eta munduko lehena da gaur Indonesia zur tropikalen esportazioan. Petrolio eta gas naturalaren ekoizpena ere gorantz ari da (Sumatran, Javako itsasoan eta Borneoko hego-ekialdean), eta dibisa asko ekartzen dio herrialdeari; orobat da garrantzitsua meatzaritza: eztainua, kobrea, nikela, bauxita, manganesoa eta zilarra erauzten dira. Industria garapena, estatuaren kontrolaren mende egon ondoren luzaroan, pribatizazioaren bidetik abiatu da 1988tik aurrera, eta atzerritar kapitaletara zabaldu da (japoniar eta amerikar kapitaletara batez ere), langileen kostua apala baita. Industria sektoreak ugaltzen ari dira (nekazaritza-elikagaiena, kimikagintza, aluminiogintza, ehungintza, zur eta papergintza), eta hamar milioi lagun inguru enplegatzen ditu. Merkataritza balantzak aski soberakin uzten du, eta esportazioak ere biderkatzen ari dira; gaur egun, sarreren % 40 baino ez du hartzen petrolioaren esportazioak. Indonesiaren arazo nagusia lurralde oso zabal eta oso zatikatu baten gobernua eta kudeaketa da, trukeen oreka ahula baita oraindik, eta nabarmenak garapenaren desberdintasunak. 1967az gero ASEAN erakundearen kide da Indonesia (Asia hego-ekialdeko nazioen elkartea). ■ 1997. urte amaiera-1998aren hasieran, rupiak berebiziko beheraldia izan zuen, eta 1998an % 13,7 murriztu zen NPG, bankuek finantza arazo handiak izan baitzituzten, eta mailegu asko utzi zuten ordaindu gabe. Indonesiar gobernuak, hasieran, zalantza egin zuen beteko ote zituen Nazioarteko Diru Funtsarekin itundu zituen baldintzak 42 mila milioi dolarreko laguntza sorta bat eskuratzeko; zalantza horiek inbertsoreen konfiantza falta areagotu zuten, eta kapital askok alde egin zuen. Aldi berean, istilu handiak izan ziren, jatorri txinatarreko negozioburuen kontra gehienak, eta horrek areago hondatu zuen egoera. Horren guztiaren ondorioz, Suharto presidenteak dimisioa eman zuen 1998ko maiatzaren 21ean. Haren ondorengoak, B.J. Habibiek, NDFarekiko lankidetza hobetu zuen. Diru hornigaiak hilabete gutxitan segurtatu ziren, eta urrirako, inflazioa –urteko % 70ra iritsia zena–, asko jaitsi zen. Gobernuak orobat iragarri zuen 1998aren bukaeran bankuak berriz kapitalizatzeko programa bat, baina 1999aren hasieran plagintza horrek arazoak izan zituen, funts publikoekiko mendekotasuna zela-eta. ■ Historia. Suhartoren agintepean, ekonomiaren garapena, atzerritar inbertsioak eta baliabide naturalen ustiapena bultzatu ziren. 1975 ondoren oso lasterra izan zen garapena. Nekazaritzaren ekoizpena indartzen hasi zen, eta independentziaz geroztik aurreneko aldiz biztanleria baino lasterrago hazi zen elikagai hornidura. Ekialdeko Timorren 100.000 lagun izan ziren erailak, Indonesia 1976an bertan sartu zenez geroztik. 1991ko azaroan 100 lagunetik gora hil ziren indonesiar osteek Timor Ekialdean hileta batean jendetzari tiro egin ziotenean, eta protesta handiak izan ziren nazioartean; Nazio Batuek eta nazioarteko komunitateak, oro har, ez dute onetsi Timor Ekialdekoaren anexioa. 1980ko hamarraldian Indonesiako ekonomia aukerek gora egin zuten, petrolioaren eta beste mineralen esportazioek nazioaren garapena finantzatu izanari esker. Alabaina, oraindik ere arazo larria zen elikagai hornidura, Indonesiako biztanleria gero eta ugariagoaren beharrei erantzuteko. Mundu Bankuak eta Nazio Batuek Indonesiako garapenaren aldeko egitarauan parte hartu zuten; egitarau horiek nekazaritza eta arrantza hobetzea, biztanleen hazkundea murriztea, eta manufakturak zabaltzea zuten helburu. 1993an, seigarren agintaldirako hautatu zuten Suharto presidente. 1996ko uztailean, poliziak Jakartan oposizioko Indonesiar Alderdi Demokratikoari eraso egin ziolarik, istilu izugarriak izan ziren kalean, polizia bereziak gogor zapaldu zituenak: bi pertsona hil zituzten, zauritu asko izan zen eta autoak eta eraikinak dozenaka suntsitu zituzten. Kaleko jendeak Megawati Sukarnoputriren izena aldarrikatzen zuen; Megawati Indonesiako fundatzailearen alaba da, Suhartoren aurkari nagusia. Suharto presidenteari esker irabazi ekonomikoak handiak izan ziren, baina haren gobernua guztiz autoritarioa zen, ez oposiziorik ez kritikatik onartzen ez zuena. Suhartorena ez bezala, Megawatiren ospea asko hazi zen garai hartan, gobernua Indonesiar Alderdi Demokratikoaren buruzagitzatik kentzen saiatu arren; analista politiko askok iragarri zuten erronka egingo ziola Suhartori, 1998ko hauteskundeen ondoren, Suharto bere zazpigarren agintaldian sartzen baitzen. Baina 1998ko finantza krisiaren ondorioz, eta gizarte krisi orokor baten baitan, Suhartok dimisioa eman behar izan zuen hauteskundeen aurretik, eta bere presidenteorde Bacharuddin Yusuf Habibie ipini zuen estatuburu. Habibiek, hasieran behintzat, herria baketu zuen, sistema politikoa liberalizatuz, eta Suharto familiaren enpresak deseginez; ekonomian ere gauzak zerbait hobetu ziren. Baina krisi ekonomikoa erabat ezin gainditurik, eta aurreko erregimenaren lotura estuak zituelarik, Habibiek ez zegoen egoera erosoan, ez indonesiarren begietan, ez nazioarteko iritzian. 1999an, Ekialdeko Timorrek Indonesiatik bereizi zen. 2004an egin ziren Indonesiako lehendakaritzarako lehen hauteskunde zuzenak, eta Susilo Bambang Yudhoyono segurtasuneko ministro ohia aukeratu zuten lehendakari. 2005ean, irtenbide politiko bat eman zitzaion Aceh-eko gatazka armatuari.
http://www.indonesia.go.id/