Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Independentziako gerrak. (Ameriketako Espainiar lurraldeen )

Latinoameriketako herrien independentzia lortzeko guduak (1811-1824). Arrazoi askok sortu zuten Espainiako inperio kolonialaren ahultzea. Besteak beste, ekonomia sistema monopolista, monarkia absolutoa eta udal erakundeen jarrera. Nekazaritzak eta abere hazkuntzak aurrera egiteko Espainiaren monopoliotik askatu behar zuten. Bestetik, liberalismo ekonomikoak ezin zuen aurrera egin sistema kolonialaren barnean, oztopoa besterik ez baitzen hura. Burujabetasuna lortzeko nahia gizarteko goi maila eta erdi mailetan zabaldu zen. Espainiako gertakizunak ere eragin handia izan zuten. Napoleonen erasoak eta haren ondorioko arazo politikoek sistema koloniala apaldu zuten. Espainiak ezin izan zien aurre egin kolonietako matxinadei. Independentziaren aldeko lehen adierazpenak XVIII. mendean zehar gertatu ziren: Paraguaiko komuneroen matxinada (1717-1735) eta Nueva Granadakoena (1781-1782); Tupac Amarutarrena (1780-1781). 1809tik aurrera biltzarrak eratu ziren kolonietan. Lehenbizikoak Perun izan ziren, eta gero Caracas, Buenos Aires, Bogota eta Txileko Santiagora zabaldu ziren (1810). Gerra 1811n hasi zen, Platako herrialdeetan eta Nueva Granadakoetan. 1816tik aurrera lurralde guztietara zabaldu ziren independentziaren aldeko gatazkak. San Martín-ek hegoaldean hasi zituen guduak eta Bolívar-ek iparraldean. Tucumango (Mexiko) Batzar Nagusian independentziaren aldarrikapena egin ondoren (1816ko uztailean), San Martínen osteek Andes mendiak gurutzatu zituzten; Chacabukon (1817) eta Maipon (1818) irabazi ondoren, Txile askatu zuten. Gero Perura abiatu zen San Martín, eta Liman sartu zen (1821). Venezuelan Bolívarrek 1819. urtean Andes mendiak igaro eta Boyaca-ko osteak menderatu zituen (1819ko abuztua). Bogotan sartu eta Nueva Granadaren independentzia lortu zuen. 1822an Ekuadorreko errepublika askatu zuen, Sucreren laguntzarekin. Gerraren azken aldian Bolívar eta Sucre izan ziren gidari. Mexikoren eta Erdiko Ameriketako herrialdeen independentziak ez zuen zerikusirik izan Hego Ameriketako lurraldekoenarekin. 1811ko eta 1815eko matxinadek porrot egin zuten hegoaldean. 1821ean Agustín de Iturbidek lortu zuen Mexikoren burujabetza. Erdiko Ameriketan lehenengo gatazkak 1811n hasi ziren eta 1824an Erdiko Ameriketako Probintzia Batuetatik banandu zen Mexiko. 1839an Probintzia Batuak elkarrengandik banandu ziren eta estatu berriak sortu.