Iglesias, Julio
Espainiar kantaria (Madril, 1943). Real Madrid futbol taldearen atezaina zela auto istripu bat izan zuen, eta ia bi urtez egon behar izan zuen aulki gurpildunean eserita. Ospitalean zegoela, erizain batek gitarra bat oparitu zion. Orduan piztu zitzaion musikarekiko interesa. Zuzenbidea ikasi zuen Espainian eta Cambridgeko Unibertsitatean. 1968an Benidormeko jaialdia irabazi zuen, “La vida sigue igual” abestiarekin. Arrakasta horri esker, bere lehen kontratua egin zion diskoetxe batek. 1970ean Espainiaren ordezkari izan zen Eurovisioko Jaialdian “Gwendoline” abestiarekin. 1970eko hamarkadan jira asko egin zituen nazioartean eta jarraitzaile asko egin zituen besteak beste “Manuela” eta “Hey” abestiei esker. Estatu Batuetako hainbat kantari ezagunekin batera abestu du, esate baterako, Willie Nelsonekin eta Diana Rossekin. 1988an “My Love” grabatu zuen Stevie Wonderrekin, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Dolli Partonekin, Art Garfunkelekin eta Stingekin ere jardun du, besteak beste. Julio Iglesiasen musika eztia eta lasaia da, eta arrakasta handia izan du hala egile gisa, nola beste batzuen abestien interprete gisa ere. Bere ahots beroa eta grabatzerakoan duen perfekzio nahia dela eta, hizkuntza desberdinetan disko gehien saldu dituen kantaria da. Urrezko eta platinozko disko ugari irabazi ditu.