Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

iglu

iz. Kanadako eskimalen neguko edo ehiza garaiko etxea.  v  Iglu hitza eskimalen hizkuntzako igdlu “etxea” izenetik dator, eta Iglulik (herria), eta iglurirmuit (eskimalen talde baten izena) hitzen erro berbera du. Igluak elur mokorrez egiten dira, eta esfera erdiaren itxura dute. Mackenzie ibaiaren deltaren eta Labrador-eko penintsularen artean dagoen lurraldeko eskimalek egiten dituzte igluak. Udan leku horretako eskimalak foka larruzko eta oihalezko etxeetan bizi dira. Igluak egiteko elur trinkoa mokorretan mozten da elurretako labanaz. Mokor bakoitza 60 cm luze eta 20 cm zabal izaten da gutxi gorabehera. Lehen errenkadan elur puskak biribilean jartzen dira; horien gaineko zatiak biribila ixten doaz, eta gero eta biribil itxiagoak egiten dira, goian zulotxo bakarra geratu arte. Sarrera estua eta sapai biribilekoa egiten zaio igluari. Era horretara, eta iglu barreneko zola sarrera baino gorago jarriz, aire berotua iglu barrenean pilatzen da, kanpora gabe. Gehienetan familia bakarrarentzat dira; eskimal trebe batek bi ordutan eraiki dezake iglu bat.