Iglesias Guisasola, Alberto
Gipuzkoar musikagilea (Donostia, 1955). Donostian eta Parisen egin zituen lehen musika ikasketak, kontrapuntu eta konposizio arloetan. Ondoren Bartzelonan jarraitu zuen musika elektroakustikoa lantzen, eta garai horretan, 1981-1986 urteetan, Javier Navarreterekin batera musika elektronikoko talde bat eratu zuen. Zinemarako musika sortzen bere anaia Jose Luis eta Montxo Armendarizen eskutik hasi zen, horien film laburrei musika jarriz. Lehen lan luzeak Alfonso Ungriaren Albaniaren Konkista eta Imanol Uriberen Mikelen Heriotza izan ziren. Ordutik hona, Julio Medem (Vacas, La ardilla roja, Tierra eta Los Amantes del Circulo Polar), Carlos Saura (¡Dispara!), Daniel Calparsoro (Pasajes), Bigas Luna (La camarera del Titanic) eta Pedro Almodóvar (La flor de mi secreto, Carne trémula eta Todo sobre mi madre) zuzendarien lanei jarri die musika, besteak beste. Bestelako lanak ere egin ditu, esate baterako, Nacho Duato dantzariaren balletentzako konposizioak. Soinu banda onenari emandako bi Goya sari irabazi ditu, 1997an Tierra filmerako eta 1999an Los amantes del círculo polar filmentzat egindako musikagatik. 2000. urtean, aurreko hamarkadan egindako lana biltzen duen disko bikoitza argitaratu zuen: Film Works 1990-2000. Urte berean, Donostiako Musika Hamabostaldiak 2001. urteko edizioan estreinatzekoa zen obra bat agindu zion. Malagako Zinemaldiak, bestalde, Ricardo Franco saria eman zion 2000. urtean, eta zinemaldi horren baitan estreinatu zuen "irudiririk gabeko filma" bezala deskribatu zuen Habitación en Do obra.